Klub arteko Espainiako Erregearen Kopa pilota txapelketa azken txanpan sartua da eta apirilaren 8an, ortziralean 17:00etatik aitzinera jokatuko dituzte Iruñeko Labriten esku pilotako finalerdiak. Eskuz binaka, Oberena taldean ari diren Oian Canabal eta Joseba Aldabe ariko dira azken finalerdian, Urbion klubeko bikotearen kontra. Berriki Espainiako klub arteko txapelketa irabazia dute Canabalek eta Aldabek.
Ortziralean 17:00etan hasiko den jaialdiko lehen bi partidak eskuz banakako finalerdiak izanen dira. San Cristobal eta Oberenako ordezkariak ariko dira lehenbizikoan eta San Cosme eta Urbion klubekoak bigarrenean. Ondotik, eskuz binakako finalerdiak jokatuko dituzte Huarte eta Najerinoko bikoteek lehenik, eta Oberena (Canabal-Aldabe) eta Urbionekoak ondotik. Irabazleak, apirilaren 10ean, igandean 10:00etan hasita jokatuko diren finaletan izanen dira.
Larunbatean larruzko paleta eta pala motzeko finalerdiak
Larunbat goizean herramientako finalerdiak ere jokatuko dituzte Labriten. Larruzko paletarekin Natacion Barcelona eta Oberenako bikoteak izanen dira aurrez aurre lehen finalerdian eta Puertas Bamar eta Amayakoak bigarrenean. Pala motzean, berriz, Puertas Bamar eta Tenis Pamplonako bikoteen arteko finalerdia izanen da lehenengoa eta Natación Barcelona eta Oberenaren artekoa bigarrena. Hauek ere finalak igande goizean izanen dituzte Labriten.