Bi urte eta gero, bueltan da Berako Mendi Maratoi Erdia. Apirilaren 10ean, igandean eginen da eta 550 parte-hartzaile inguru espero dituzte. Lasterketak 21 kilometro luze eta 2.714 metroko desnibela izanen du, eta Larhun menditik pasako da. Aurten, lasterketako kategoria absolutua eta beteranoena (gizonezko zein emakumezkoetan) Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketako tituluak banatzeko erabiliko dira.
Oier Ariznabarreta, azken Sara Korrikaren irabazlea, zazpigarren garaipena segidan lortzen saiatuko da. Duela zenbait urtetik erabateko dominatzailea izan da lasterketa honetan, eta errekorra ere berak du (1:37:30, 2014 urtean). Irteera-lerroan Walter Becerra ere egonen da, 2019ko azken edizioan bigarrena izan zena, eta Xabi Zarranz, hirugarrena eta Nafarroako txapelketa irabazteko hautagairik handienetako bat. Azken Sara Korrikan hirugarren izandako Joseba Larralde beratarra ere ibiliko da.
Emakumezkoen kategorian, 40 emakume inguruk hartuko dute parte lasterketan. Oihana Kortazarrek parte hartuko du, 2019an bigarrena, eta Beran irabazlea 2009an, 2011an eta 2013an. Ainhoa Sanz, berriz, 2019an irabazlea, baja izanen da lesio batengatik, eta Maria Zorrozak, orain dela hiru urte hirugarren izan zenak, ezin izanen du parte hartu ama izan baita duela gutxi. Honako hauek ere parte hartuko dute: Alizia Olazabal (hiru aldiz lasterketaren irabazlea), Oihana Zubillaga (Arriarango Mendi Lasterketaren irabazlea) eta Lurdes Oiartzabal (lehen beteranoa Donostia-Hondarribia Talaia Bidean).
Gazte Traila ere igandean
Manttalek Gazte Traila berriro antolatuko du, 14 eta 17 urte bitarteko gaztetxoentzako lasterketa. 10 kilometro eta 400 metroko desnibela duen proba, 10:00etan aterako da eta lehenengo bortz kilometroak neutralizatu eginen dituzte, lasterkari guztiak taldean joanda. Lasterketa kiroldegitik atera eta Postas-era igoko da, gero Usategietara joateko. Hortik Zumalkurantz abiatuko da, eta bertatik Berako Mendi Maratoi Erdiaren bide antzekoa eginen dute.
Izen-ematea, bost euroko prezioan, pb-organisation.com web orrian egin daiteke.
Omenaldia lasterketan laguntzen duten eta pandemian lan egin duten osasun-langileei
Manttalek Berako Mendi Maratoi Erdia aprobetxatuko du osasun langileek lasterketan lehenengo edizioetatik egin duten lana omentzeko. Gainera, omenaldia baliagarria izanen da Bortzirietako osasun-sektore osoak pandemian egindako lana eskertzeko. Omenaldia lasterketa bukatutakoan eginen da, sari banaketan.
Lasterketa ikusteko txangoak
Lasterketaren egunean bi ibilaldi antolatu dituzte, lasterkarien ibilbidea ikusteko. Lehenengo txangoa 08:30ean aterako da irteera gunetik Larhun aldera, 14 kilometro inguruko ibilbidearekin. Ordu erdi beranduago, 9:00etan, bertze ibilaldi bat abiatuko da Landagainetara, 10 bat kilometrokoa.