Berako Udalak aldaketak egin ditu Zalaingo trafikoaren ordenazioan

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 30a, 11:00

Zalain-Etxeberri, eta Zamarrenea etxeen arteko maldatik sartu beharko da hemendik aitzinera auzora.

Zalain auzorako sarrera nagusia NA-8304 errepidetik izango da, eta irteera Zelaieta enpresaren pareko errepidetik. 

Trafikoa berrikusten segitzen du Berako Udalak, eta berriki Zalain auzoko trafikoa berrikusi dute. Karrika estuak ditu auzoak, bi auto ez dira batera sartzen karrika horietan, eta horregatik trafikoaren segurtasuna bermatzeko aukerak aztertu dituzte bertako bizilagunekin batera. Azterketa bukatuta, ondorengo neurriak ezarri dituzte: 

  • Auzorako sarrera nagusia NA-8304 errepidetik egin beharko da, Zalain-Etxeberri, eta Zamarrenea etxeen arteko maldatik. Debekatua egonen da bide horretatik ateratzea. 
  • Auzoko irteera nagusia Zalain poligonotik egin beharko da, Zelaieta enpresa paretik. Debekatua egonen da bide horretatik auzora sartzea.
  • Trafikora itxita egonen da auzotik Zalain Transformados aldera doan Berrotegia eta Etxetxipia etxeen arteko bide estua. Bide hori oinezkoentzat soilik izanen da, eta ezin izanen da bide horretatik autoan ibili. Gainera, itxi egin da auzotik N-121-A errepiderako irteera, Verkol alderakoa alegia, hagitz bide arriskutsua dela iritzita.

Aldaketa hauek auzoko trafikoaren segurtasuna bermatzeko ezarri dira, seinale bertikal eta horizontalekin adierazita daude, eta auzotarren segurtasuna bermatzeko bete behar dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun