Naroa Otamendi beratarrak Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketa irabazi du

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 30a, 08:00

Martxoaren 18an eta 20an jokatu zen Gasteizen Euskadiko Musikari Gazteen XV. Lehiaketa. Hainbat instrumenturekin aritu ziren gazteak, eta Naroa Otamendi Abril beratarrak, akordeoiarekin, lehenbiziko saria lortu zuen.

Akordeoia, kantua, konposizioa, zuzendaririk gabeko talde instrumental edota bokalak, gitarra, harpa eta hari pultsatuzko instrumentuak, arku-instrumentuak, jazza eta musika modernoa, perkusioa, tekla, haize-egurra eta haize-metala. Modalitate horietan aritu ziren gazteak lehian, bi kategoriatan banatuta: 16 eta 19 urte bitartekoak A mailan, eta 15 urtez azpikoak B mailan.

Otamendi akordeoiarekin A mailan aritu zen Gasteizen eta ederki moldatu zen. Edozein moduz, ez da hartu duen lehenbiziko saria. Lehenagotik hainbat sari hartutakoa da Arrasate Hiria Lehiaketan. 16 urte ditu eta Irungo Udal Kontserbatorioan akordeoiko hirugarren maila egiten ari da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun