25 parte-hartzaile izan dira Etxalarko Usategietako XII. auto igoeran

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 28a, 15:00
Usategietako XII. auto igoerako podioa. Argazkia: Peli AYM

Axier Jausarasen kotxea eta Arkaitz Ordokiren monoplaza izan ziren bizkorrenak, giro ezin hobean egindako proban

Martxoaren 26an egin zen Etxalarko XII. Usategietako auto igoera. Espero baino parte hartzaile gutxiago izan ziren, 25 ibilgailu, aitzineko eta ondorengo asteburuetan egitekoak ziren lasterketak medio. Kotxeen kategorian Axier Jaunsarasek lortu zuen lehenengo postua, Mattin Villares izan zen bigarren eta Xabi Zubiri hirugarren. Monoplazetan, berriz, Arkaitz Ordoki izan zen garaile, Luis Miguel Alonso bigarren eta Julien Salaberry hirugarren.

Iker Sein etxalartarrak ere parte hartu zuen, bosgarren kategorian eta bigarren postua lortu zuen (bederatzigarrena sailkapen orokorrean).

09:00tan hasi ziren egiaztapenak egiten plazan eta 13:30eko errepide itxieraren ondotik, 14:30an hasi zen lehenengo entrenamendu txanda. Bi entrenamendu txanda eta bi txanda ofizial izan ziren. Ilunabarrean, parke itxia izan zen herriko plazan, kotxe guztiak batera ikusteko aukera. Segidan, sari banaketa egin zuten udaletxeko arkupean. Egunari bukaera emateko Herriko Ostatuan afaria izan zuten parte hartzaile eta laguntzaileek. Eskerrak eman nahi dizkiete babesle eta laguntzaile guztiei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun