Info gida 2022

«Etxeko janaria da gure berezitasuna, amak horrela egiten zuen eta guk ere bai»

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 30a, 12:00

1966an ireki zuen Arantzako Burlada jatetxea Esther Burladaren aitak, «duela 56 urte». Amarekin batera eraman zuen, alabak erreleboak hartu zuen arte. Orain Burladak eramaten du jatetxea, bertako langileekin eta Ibai eta Oihana seme-alabekin, beraz, «negozioak badu etorkizuna oraingoz».

«Bertako janaria» da etxeko berezitasuna; «bildotsa, ilar gorriak, aratxe azpizuna, entrekota… etxeko janaria, betikoa, elaborazio handirik gabekoa». Mota guzietako entsaladak ere egiten dituzte, «eta ahate entsaladak arrakasta handia izaten du».

Mendizaleentzako eta taldeentzako menuak izaten dituzte asteburuetan, «egunen egindako janariarekin, menu itxiak». Aste tartez «dastatzeko menuak ateratzen ditugu, 14 eurotan, bi lehenbiziko plater, bi bigarren, postre eta kafearekin. Amak lehen horrela egiten zuen, egunean prestatzen zuena ateratzen zuen. Jendeak erraten digu aunitz ateratzen dugula baina guk horrela egiten segitzen dugu [irriz]».

90 bat lagunentzako lekua dute bi jangeletan. «Gipuzkoatik eta kanpotik jende dezente etortzen da, baina pandemia denboran konturatu ginen bertako jendearekin salbatu ginela, eta hagitz ongi egiten dugu lan haiekin».

Apirilaren 9an besta bat prestatu dute; «Beñat eta Fernandorekin musika, bazkaria eta merienda-afaria izanen da», eta larunbata giro alaian pasatu nahi duenak sarrerak lor ditzake bertan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun