Arantzan astelehenetan
Joan den astelehenean, martxoaren 21ean, egin zuten zerbitzua ezagutzera emateko bilera Arantzako Zahar Txokon, eta jubiloteka zerbitzuaz arduratzen den Olaia Loiartek adierazi duenez, «hagitz kontent gelditu ginen jendearen erantzunarekin, jendea animatua eta interesatua dagoela nabaritu baitzen». Hamasei lagun bildu ziren bilkuran eta zerbitzua hamar lagunekin abiatuko dute. Astelehenero 16:00etatik 18:00etara bilduko dira Zahar Txokon.
Dena den, salbuespen gisa, aste honetan asteazkenean, martxoaren 30ean, bilduko dira, 16:00etatik 18:00etara.
Etxalarren asteartetan
Etxalarren asteartetan izanen dute jubilotekako hitzordua, 16:00etatik 18:00etara. Informazio bilera martxoaren 22an egin zuten Larraburua elkartean eta 11 lagun bildu ziren: «Etxalarren ere, kontent gelditu ginen zerbitzuak jendearengan izan duen erantzunarekin», kontatu du Loiartek.
Oraingoz, bortz lagunek eman dute izena eta astearte honetan, martxoaren 29an, emanen diote zerbitzuari hasiera, Larraburua elkartean.
Igantzin bigarren bilera
Igantzin martxoaren 24an, ortzegunean, egin zuten zerbitzuaren berri emateko bilera, Baratzondon, eta lau lagun agertu ziren. Loiarteren hitzetan, «espero baino jende guttiago elkartu ginen», eta hori horrela, bigarren saiakera bat egitea erabaki dute. Apirilaren 7an, 16:00etan bilduko dira berriz.
Izena emateko aukera
Oraindik izena eman ez dutenek ere badute horretarako aukera, baita probatu nahi dutenek ere. «Saioetara lasai ederrean joan daitezke, edota nahiago badute, gizarte zerbitzuetara deitu (948 635 036) edota idatzi (jubiloteka@bortziriakgz.eus)».