Mintza gaitezen Europari buruz ekimenaren barrenean, Berako Toki Ona BHI ikastetxean Batxilergoko ikasleekin solasaldi-eztabaida antolatu zuen martxoaren 23an Nafarroako Gobernuko Europe Direct Bulegoak. Europako etorkizunari buruzko biltzarra egin behar dela eta, hiritarren parte-hartzea bultzatzeko egitasmo bat da hau. Bi zati ditu: alde batetik, gazteek Europari buruz duten ezagutza neurtzea, eta bertzetik, Europarekin zerikusia duten gai bati buruz aritzea.
Berako Toki Ona institutuan immigrazioa aukeratu dute. Patioan jarri zuten postuan, joko baten bidez (kahoot), ikasleek Europari buruzko galderei erantzunak ematen aritu ziren, eta gero denek oparitxo bat jaso zuten. Immigrazioaren gaia lantzeko, gazte etorkinekin lan egiten duen Kideak elkarteko ordezkariak etorri ziren Berara, eta batxilergo lehenengo mailako ikasleekin aritu ziren, gaia aurkeztuz eta ondotik solasaldi-eztabaida bat eginez. Hainbat ikastetxetara eramanen dute ekimen hau, eta Berako Toki Ona izan da bisitatu duten lehena.
Mintza gaitezen Europaz
Energia-krisia, COVID-19aren pandemia, ekonomia-krisia, Ukrainako gerra, migrazioak... Europar Batasuneko herritar guztioi berdin eragiten diguten gaiak dira. Egoera horiei arreta ematen diegun emakumeak eta gizonak; egoera horiez kezkatzen, konponbideak eskatu eta proposatu ere egiten ditugu.
Nafarroako Gobernuaren Europe Direct bulegoak, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiarekin eta udalekin eta garapen-agentziekin lankidetzan, zuzenean entzun nahi ditu gure aldarrikapenak, gure ikuspuntuak eta gure proposamenak. Horregatik, Mintza Gaitezen Europaz izenburupean, eztabaida-saioak antolatu ditu Nafarroako sei herritan, EBren hurrengo gizarte-politikak finkatzeko funtsezko gaien inguruan: migrazioa, gazteria, enplegua, despopulazioa eta abar.
Nafarroako Mendialdeari dagokionez, bertze bi jardunaldi antolatu ditu Europe Direct Bulegoak; Altsasun, martxoaren 26an, 12:00etan, eta Auritzen, apirilaren 1ean, 18:00etan. Bietan, eztabaidagaia Enplegua, ekintzailetza eta despopulazioaren aurkako borroka izanen dira. Saioak irekita daude hausnarketak edo proposamenak egin nahi dituzten herritar guztientzat.