'Lorategiak auzolanean' proiektua paratu du martxan Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 24a, 17:00

Ikastaroan parte hartzaile denek auzolanean lorategi bat sortuko dute

Lorezaintzari buruzko 'Lorategiak auzolanean' proiektua paratu du martxan Berako Udalak. Apirilaren 19an hasi, eta maiatzaren 28ra arte lorezaintzari buruzko ikastaro teoriko eta praktikoak izango dituzte, eta ondotik, parte hartzaile denek auzolanean lorategi bat sortuko dute. 

Juan Mari Artazkozek eta Fulgen Sutilek emanen dute ikastaroa, eta gaztelaniaz izanen da. Izen ematea doakoa da eta ondoko estekaren bidez egin behar da apirilaren 12a baino lehen. Ikastaroa asteartero emanen dute 16:0etan hasi eta 18:00ak arte, eta azken saioa larunbatarekin izanen da, maiatzaren 28an. Ikastaroaren barrenean ondorengo programa landuko dute: 

  • Lorezaintzaren garrantzia eta bere historia.
  • Europako lorategiak.
  • Landare eta lorategien fitxak.
  • Lorategiaren diseinua.
  • Koloreak, altuerak eta landareak aukeratzea.

Ekimenaren bidez, Bera bezalako herri ttiki batean lorezaintzak eskaintzen dituen aukeren inguruan hausnartzea sustatu nahi du Berako Udalak. Herriko paisaia aberasten eta edertzen saiatuko dira ikastaroaren bidez tokiko garapena eta baliabide propioak sustatuz. 

Asmoa da lorategi loretsuak sortzea, intsektuz beteak, oinarrizko hiru irizpiderekin: ur-kontsumo baxua eta mantentze-lan baxua; irizpide ekologikoak erabiliz haien planteamenduan, eta ondorengo mantentzean, eta landare-dibertsitatearekin, mota guztietako intsektu polinizatzaileak, txoriak eta abar erakartzen dituzten loraketa eder eta luzeekin. 

Programa auzolanean eginen dute boluntarioekin, eta lorezaintza tresna tresna gisa erabiltzen saiatuko dira parte hartzen duten pertsonen arteko harremanak sortzeko, indartzeko eta estutzeko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun