Alondegia «berrasmatzeko» partaidetza-prozesua jarri du abian Lesakako Udalak. Alondegiak udalerriko azpiegitura beharrei erantzuteko aukera handiak eskaintzen ditu, bere kokapenagatik eta tamainagatik. Urteak joan ahala, hainbat erabilera izan ditu behin-behinean, baina espazioaren zati handi bat hutsik dago gaur egun. Hori guztia kontuan hartuta, udalerriko eragile eta herritarren beharrak aztertzeko prozesu bat abiatu du Udalak, «herritar guztion premiak ezagutu eta Alondegiaren erabilerak denon artean adosteko».
Partaidetza-prozesuan Alondegiaren lehenengo, bigarren eta hirugarren (ganbara) solairuen inguruko erabilerak aztertzen ari dira. Behe solairuko espazioa ez da prozesuan sartuko eta Jubilatuen Elkartea eta ostatua bertan mantenduko dira. Bertzalde, prozesuaren joko-arauetan zehaztu da prozesuan lehenesten diren erabilerak edozein izanda ere, gaur egun Alondegia erabiltzen duten eragileei leku bat bermatuko zaiela udalerrian.
Erraterako, lehen solairua Beti Gazte elkarteak erabiltzen du 1991. urtetik eta azken batzarrean bertan segitzeko borondatea ere erakutsi zuen. Bigarren solairuan Xorroxin Irratiaren estudioa dago.
Elhuyar ari da prozesua gidatzen
Herritarrekin hausnarketa eta lanketa konpartitua egiteko, Elhuyar ari da prozesua gidatzen. Dagoeneko burutu dute lehen entzuketa-fasea, otsaila eta martxoa bitartean talde-elkarrizketak egin dira herriko eragile eta norbanakoen beharrak ezagutzeko. Horrez gain, bertze herrietan garatutako esperientzia interesgarriak ere bildu dira. Fase hau bukatuta, orain lehenengo lan-saio irekia eginen da herritar guztientzat irekia. Apirilaren 2an, 10:00etan izanen da liburutegian eta bertan orain arte identifikatutako beharrak eta aukerak ezagutuko dira eta gogoeta konpartitua eginen da. Lan-saioan zehaztutako lehentasunak oinarri hartuta, udalak horiei bide emateko aukerak aztertu eta bigarren lan-saio irekian aurkeztuko ditu maiatzean, «denon artean Alondegiaren etorkizuneko erabileren inguruko erabaki bat hartzeko».
Lesakako Udalak herritar oro prozesuan parte hartzera gonbidatu nahi ditu, hausnarketa eta lanketa partekatuaren bidez Alondegia «berrasmatzeko». Lehen hitzordua apirilaren 2an izanen da.