Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak adineko pertsonei zuzendutako Jubiloteka zerbitzua eskaintzen duela jakina da. Jubilotekaren helburua, adineko pertsonak euren ingurunean aktibo mantentzeko ongizate espazio bat eskaintzea da, elkarren arteko harremanak sustatuz.
Egun, Beran eta Lesakan eskaintzen dute zerbitzua. Beran, astelehen, asteazken eta ortziraletan, 10:00etatik 13:00etara. Eta Lesakan, berriz, astearte eta ortzegunetan, 10:00etatik 13:00etara. Aurten, ordea, Bera zein Lesakako herriez gain, Bortzirietako gainontzeko hiru herrietara hedatu nahi dute Jubiloteka zerbitzua; hau da, Arantza, Igantzi eta Etxalarrera. Asmoa, herri hauetako bakoitzean, gutxienez, astean behineko zerbitzua eskaintzea da, bi orduko saioetan.
Hau horrela izanik, zerbitzuaren aurkezpen egunak izanen dituzte aste honetan. Martxoaren 21ean, astelehenean 16:00etan Arantzako Zahar txokoan; martxoaren 22an, asteartean 16:00etan Etxalarko Larraburuan eta martxoaren 24an, ortzegunean 16:00etan Igantziko Baratzondon.
Aurkezpen egun hauetan, Jubiloteka zerbitzua ezagutara eman eta jendeari sor dakizkioken zalantzak argituko dituzte. Norbaitek honen inguruko informazio gehiago behar izanez gero, Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatera deitu (948 635 036) edota korreora idatzi (jubiloteka@bortziriakgz.eus) dezake.