Haurtzaroko sexu abusuei buruz idatzi du Maddi Ane Txoperenak 'Ez erran inori' liburuan

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 18a, 10:00

2020an irabazi zuen Igartza Sariaren bitartez, bere bigarren liburua argitaratu du Maddi Ane Txoperena Iribarrenek Elkar argitaletxearekin: Ez erran inori. «Liburua idaztea niri eta bertze anitzi pairarazi digutena ulertzeko bertze modu bat» izan dela adierazi du Txoperenak. Atzo egin zuen aurkezpena.

Idazle gazteentzako Igartza Saria Irabazi zuen Txoperenak (Hendaia-Lesaka, 1994) 2020an, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolatutako sariketa. Eta horren emaitza izan da atzo aurkeztu zuen Ez erran inori eleberria. Haurtzaroko sexu abusuak ditu hizpide liburuan. Elkar argitaletxeak egindako elkarrizketan dioenez, «haurtzaroan sexu abusu bat bizitakoa naiz ni ere, eta gaiarekiko obsesio moduko bat izan dut urteetan: anitz irakurri dut gaiaz, tailer batzuetan ibili naiz, eta halako bizipenak izan dituztenekin konpartitu dut nirea, bertzeak bertze. Liburua idaztea niri eta bertze anitzi pairarazi digutena ulertzeko bertze modu bat izan da. Idazketak eta fikzioak laguntzen dute horretan».

Lide da liburuko protagonista. Haurra zela sexu-abusu bat pairatu zuen Lidek, etxean bertan, Donapaleun. Gertakaria memoriaren zoko batean erdi baztertua eduki du urtetan, baina gaztaroan, Baionan bizi dela, trumilka datozkio irudiak gogora. Oroitzapenetik askatu nahian, sexura joko du ihesbide bila, drogara, plazerera, sorgortasunera.… Baina piztia hor da beti, eta ez du bakerik eman nahi.

Gertakariak eta pertsonaiak «asmatuak» direla adierazi du Txoperenak: «Nire bizipenetatik urruntzeko balio izan dit dokumentazio lanak, eta nahita kokatu dut istorioa nirea ez den ingurune batean ere. Gero, halere, hurbiletik ezagutzen dudan zerbait denez, idazterakoan anitz konektatu dut nire emozio propioekin. Mina eman dit Lideren pertsonaian barneratzeak, pertsonaia hori eraikitzeak: bera ulertu nahian, min hori sentitu dut nik ere. Baina aldi berean oso prozesu aberasgarria izan da, osatzailea, eta erresistentzia ariketa bat ere bai, hein batean». Gaineratu duenez, «niri balio izan dit, eta bertze batzuei ere balioko balie, ezin aberasgarriagoa litzaidake». Hori bai, argi utzi du «asmoa ez dela inori irakaspenik edo azalpenik ematea; bakoitzak bizi du ahal duen bezala».

Txoperenaren hitzetan, «isiltasunak iraunarazten eta zilegitzen ditu sexu abusuak» eta «gizarteko arazo bat da haurtzaroko sexu abusuena, egiturazkoa, eta uste duguna baino zabalduagoa. Gizarte bezala erantzun behar zaio: zilegitzen duen sistema da aldatu behar dena».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun