‘Joko zikina’ dokumentala eskainiko dute martxoaren 20an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 18a, 18:30

Gure arbasoentzat Foruak ezin ziren baztertu edo murriztu, soilik errespetatu edo hobetu zitezkeen.

Igandean 19:00etan Harriondoan eginen den emanaldiaren ondotik, heldu den astean Bortzirietako bertze herrietan izanen da ikusgai

Nafarroa XXI ekimenak antolatuta Joko zikina; 40 urteko iruzurra eta usurpazioa Nafarroako Foruaren Hobekuntzan dokumentala eskainiko dute martxoaren 20an, igandean 19:00etan Lesakako Harriondoa kultur etxean.

Lesakako emanaldiaren ondotik, heldu den astean Bortzirietako bertze herrietan ere ikusgai izanen da: Beran, martxoaren 24an, ortzeguna, 19:00etan kultur etxean; Arantzan, martxoaren 25ean, ortziralea, 19:00etan Baskulan; Igantzin, martxoaren 25ean, 19:30ean Baratzondo elkartean eta Etxalarren, martxoaren 25ean, ortziralean 19:00etan kultur etxean.

 

Sinopsia

1982ko abuztuan Juan Carlos Igo erregeak berretsi ondoren, Foru Hobekuntzaren Legea Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako herritarrek berretsi gabe, bere negoziatzaileek «beharrezkoa eta komenigarria» ez zela uste zutelako. Baina bere emaitza ez zen bakarrik antidemokratikoa izan, bere lanketa prozesua lizunki tranpatia izan zen. Kartak markatutako partida bat, joko arau aldakorrekin eta okerragoa dena: mahaiaren bi aldeetan jokalari berdinarekin, beti Nafarren borondateari bizkarra emanez.

Dokumental hau Nafarroaren egungo estatus politikoaren negoziazioaren zirrikituetan barneratzen da, Franco hilda, Nafarroan deus aldatuko ez zela ziurtatzeko, iruzur egiteko prest zegoen talde baten tranpa, trikimailu eta gezurrak erakutsiz.

Berrogei urte beranduago, bi aldaketa teknikoengatik izan ezik, Hobekuntzaren gainerako artikuluek 1982an sinatutakoari leial izaten jarraitzen dute. Estatuko ia lege autonomiko guztiak aldatuak izan diren bitartean, bere defendatzaileek behin eta berriz errepikatzen dute gurea ezin dela aldatu. Ezin ahaztu lege hau landu zenean, gaur egungo herritarren hiru laurdenek garai horretako Nafarroako politikan ezin izan zutela parte hartu.

Azken lau hamarkadetan bere babesleek behin eta berriz errepikatu dute Hobekuntza pre eta supra-konstituzionala dela, bere izaera pakzionatua edo hitzartua, eta estatuak Nafarren borondatea zorrotz errespetatzen duela. Bitartean, Nafarroako herritarrek ikusi dugu nola azken urteetan gure parlamentuak onartutako 15 legeei helegiteak jarri zaizkien, hauetako batzuk baliogabetu edo ezabatuz.

Gure arbasoentzat Foruak ezin ziren baztertu edo murriztu, soilik errespetatu edo hobetu zitezkeen. XXI. mendea abian dela, Nafarroako elitearen agintarietako batzuk, ez dira gai bereizteko zilegia den bere ideologia eta Nafarren benetako borondatea. Dokumental honek Nafarroaren etorkizunerako berebiziko garrantzia duen gai bat jartzen du mahai gainean: Nafarroaren askatasunak, legeak eta bidezkoak diren bere nahi eta asmoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!