Joan den urtean bezala, Lesakako dantzarien eguna antolatu du Tantirumairu Euskal Folklore Taldeak martxoaren 19an. «Aurten ere herrikoak bakarrik ariko dira dantzan, ez gara animatu kanpoko taldeekin trukaketa egitera oraindik. Ea hurrengoan» diote taldetik. Iazkoa bezalatsuko egitaraua osatu dute. Honela, larunbatean 11:30ean Harriondoa kultur etxeko atarian emanaldia eginen dute 5 eta 12 urte arteko dantzari ttikienek. Arratsaldean 16:30ean DJ Porru ariko da leku berean eta ilunabarrean,19:30ean taldeko nagusien ikuskizuna izanen dute kultur etxeko Txokobiko aretoan. Emanaldi honetarako sarrerak erostea beharrezkoa da. Bi euroren truke salgai daude Xagu eta Telletxea liburu-dendetan.