Suhiltzaile boluntarioen parte izateko deialdia ireki du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 16a, 13:00
Berako suhiltzaileak iazko abenduko uholdeetan lanean.

Azken hilabetetan hainbat baja izan ondotik, boluntario beharrean daude Berako suhiltzaileak. Adinagatik batzuk, eta kontu pertsonalengatik bertze batzuk, hainbat kidek utzi dute azken aldian taldea, eta gaur egun, hamar emakume zein gizon dira taldearen parte.

Berako Udalak herritarrak ekimen honen parte izatera deitu nahi ditu. Ekimenak Nafarroako Gobernuaren, Babes Zibilaren eta Berako Udalaren babesa du, eta prestakuntza berezia jasotzen dute. Herrian gertatutako hainbat larrialdietan beraiek dira tokira iristen lehenak, eta koordinazio lan garrantzitsua egiten dute larrialdi zerbitzuekin elkarlanean. Iazko sute handian, eta azken uholdeetan, adibidez, ezinbertzekoa izan da suhiltzaile boluntarioek egin duten lana.

Herritarren batek Berako suhiltzaile boluntarioetan parte izan nahi badu, udalera deitu behar du, eta bertan jasoko du beharrezko informazio guztia. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun