Lan deialdia eta lan poltsa ireki ditu Berako kiroldegia kudeatzen duen Sastrako udal enpresak

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 14a, 20:45

Udal kirolegia kudeatzen duen Sastrako Kirol Zerbitzuak enpresa publikoak asteburuetan atezain lanpostua betetzeko lan deialdi publikoa, eta atezain eta kirol teknikari lanpostuak betetzeko lan poltsak ireki ditu.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Berako kiroldegian astelehenetik ortziralera 09:00etatik 13:00etara, edota info@sastrakokirola.eus helbidera bidali beharko dituzte martxoaren 24ko 13:00ak baino lehen. Eskaerak jasota, martxoaren 28ko astean izanen dute proba teorikoa aukeratutako izangaiek, eta ondotik eginen dute merezimenduen kalifikazioa eta elkarrizketa pertsonala.

Asteburuetako atezainaren postuaren kasuan, aukeratutako izangaia apirilaren 2an hasi beharko litzateke lanean, eta lan poltsaren kasuan, etorkizunean sor daitezkeen beharrak betetzeko erabiliko da zerrenda. 

Informazio gehiago, eta aurkeztu beharreko eranskinak Berako Udalaren webgunean daude eskuragai.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun