‘Sexberdinak’ antzezlana ikusgai izanen da martxoaren 13an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 11a, 13:00

Telmo Irureta eta AItziber Garmendia aktoreek eskainiko dute 'Sexberdinak' antzezlana.

Tanttaka Teatroa taldearen eskutik igandean 19:00etan Harriondoa kultur etxean

Tanttaka Teatroa antzerki taldearen Sexberdinak antzezlana ikusgai izanen da Lesakako Harriondoa kultur etxean martxoaren 13an, igandean 19:00etan. Sarrerak 5 eurotan salgai daude Telletxea eta Xagu dendetan. Edukiera mugatua izanen da (58 lagun).

Kepa Errastik eta Telmo Iruretak idatzitako lana da Sexberdinak eta Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia aktoreak izanen dira taula gainean.

 

Sinopsia

Anaren bihotza logela huts bat omen da. Nicok berea tatuatu egin nahi du. Igogailu batean daude harrapatuta eta ezezagun izatetik lagun izatera pasako dira. Beno, duela hiru urte gertatu zen hau, baina iraganera bidaiatuz, orainaldian biziko dugu kontatzera datozena; maitasuna, sexua, bakardadea eta jendearen aurreiritziak aztergai. Garun-paralisia duen kazetariak eta kontraesanetan erdi ittota dabilen goxoki saltzaileak, beren bizipen afektibo sexualak azalduko dituzte inolako konplexurik gabe, gutako bakoitzak, norbere paralisiarekin, beldur, amets eta ilusio ezberdinak ditugula erakusteko. Bi lagunen istorioa, umorez eta minez tindatuta

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun