Bortzirietako jubiloteka Arantzan, Etxalarren eta Igantzin izanen da

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 11a, 10:00

Adineko pertsonei zuzendutako zerbitzua Bortzirietako herri guzietara zabaldu nahi dute

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak adineko pertsonei jubiloteka zerbitzua eskaintzen die Bera eta Lesakan, «elkarren arteko harremanak sustatuz, euren ingurunean aktibo mantentzeko ongizate espazio bat eskaintzen duena». Beran astelehen, asteazken eta ortziraletan elkartzen dira, 10:00etatik 13:00etara. Lesakan, berriz, astearte eta ortzegunetan, 10:00etatik 13:00etara.

Aurten, Bortzirietako gainontzeko herrietara zabaldu nahi dute zerbitzua, Arantza, Etxalar eta Igantzira. Astean guttienez bi orduko saio bat eskaintzeko asmoa dute. Lehenik, aurkezpenak eginen dituzte hiru herrietan, zerbitzua ezagutzera emateko eta jendearen zalantzak argitzeko:

  • Arantzan, Zahar txokoan, martxoak 21, astelehena, 16:00etan.
  • Etxalarren, Larraburuan, martxoak 22, asteartea, 16:00etan.
  • Igantzin, Baratzondon, martxoak 24, osteguna, 16:00etan.

Honen inguruko informazio gehiago lortzeko, eskuragarri daude 948 635 036 telefonoa eta jubiloteka@bortziriakgz.eus helbide elektronikoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun