Xulufrinak. Izen hori hartu du aurkeztu berri duten Lesakako Sare Feministak. «Matxismoaren erasoetatik iraunez, mehatxuen gainetik tinko, taldean sortu eta loratu nahi dugu. Hemendik zabaltzen eta hangotik ikasten, Euskal Herriko mugimendu feministarekin bat eginez, hainbat lorez egindako mosaikoa landatzeko». Halaxe aurkeztu zuten taldea eta bere funtzioak Lesakan otsailaren 4an egindako aurkezpenean. Xulufrinak, ordea, ez da ezerezetik sortu. Aitzinetik ere bazegoen Emakume Taldea Lesakan. Orain aitzineko sare horiek indartzea, herriko emakumeak saretzea eta borroka feminista urte guztira zabaltzea dute helburutzat. Hainbat adinetako emakumeek osatzen dute Xulufrinak, eta tartean dira Garazi Migeltorena Mitxelena (Lesaka, 2002) eta Iratxe Muxika Karrion (Lesaka, 2002). Taldearen egungo asmoen eta etorkizuneko helburuen berri eman digute.
Lesakako Sare Feminista aurkeztu zenuten otsailaren 4an. Aurkezpenetik egun batzuk pasatu direnean egun horren ze balorazio egiten duzue?
Aurkezpena hagitz ongi joan zen. 25 bat lagun inguru elkartu ginen. Arranoko ganbara kolore morez argiztatua, xulufrina loreak lurrean.... aurkezpen hagitz txukuna izanzen. Gainera, jende berria gehitu zen sarera eta, hargatik, hagitz kontent gaude.
Nolakoa izan da sarearen sorrera prozesua?
Xulufrinak sareko kide batzuk izan ziren lehenak mugitzen. Ikusi zuten, feminismoari dagokionez, Lesakan hutsune edo gabezia bat zegoela, eta beraz, horri konponbide bat bilatu behar zitzaiola. Aipatutakoa burutan, hiru bilera deitu zituzten, nondik heldu garen eta nora joan nahi genuen erabakitzeko. Bilera horietan sare bat osatzeko behar adina gogo zegoela ikusi genuen, eta horrelaxe sortu genuen Xulufrinak.
Sarearen bidez zer beharri erantzun nahi diozue?
Guretzat, oraingoz bederen, beharrik garrantzitsuena sarea osatzea bera da. Xulufrinak babesgune gisa sentitzea ezinbertzekotzat dugu, eta, are gehiago, gainerako beharrei erantzunik eman nahi badiegu, oinarrian sare egonkor bat izatea beharrezkoa dela uste dugu.
Zein dira sare feministaren helburuak?
Behin sare egonkor bat sortu eta gero, Lesakan dauden beharrei erantzuten ahaleginduko gara. Orain, sarean bertan zenbait gairen inguruko azpitaldeak egiten hastea dugu burutan, eta horrek berak egitekoak zehaztuko dizkigu.
«Beharrezkoa da oinarrian sare egonkor bat izatea»
Garazi Migeltorena eta Iratxe Muxika Xulufrinako kideak
Xulufrinak paratu diozue izena. Zergatik izen hori?
Xulufrinak lore more eta indartsuak dira, beti taldean loratzen direnak eta leku hagitz gutxitan aurki daitezkeenak. Alabaina, Lesaka eta Bera arteko muga horretan badago horiek ikusterik, desagertzeko arriskuan dauden arren. Xulufrinak, gainera, soro bat erre ondotik ateratzen diren lehenengo loreak dira, edo lehenengotarikoak, behintzat. Horregatik, sinbolikoki eta metaforikoki duen erranahiagatik, Xulufrinak izena jarri genion.
Aurkezpenean zuen logoa ere zabaldu zenuten. Zer erakutsi nahi izan duzue irudi horren bidez?
Logoak ere berezia behar zuen. Oinarrian hiruki bat dago, alde batetik Lesakako plazaren adierazle izanen dena, eta, bertzetik, mugimendu feministarena, noski. Naziek, gainera, hiruki beltza, hiruki inbertitua, «emakume asozialei», balore naziei aurka egiten zieten emakumeei jartzen zieten. Azkenik, hirukiak ezkerraldean bertze marratxo bat ere badu, sarearen ezkerreranzko norabidea nabarmentzeko.
Zeinek osatzen duzue taldea gaur egun?
Xulufrinak sarea talde motore batek eta gainerako parte hartzaileek osatzen dute. Bada jendea konpromiso bat hartu duena sare honen jarraipenerako, eta beraz maiztasunez bilduko dena. Eta, bertzalde, bada jendea pixka bat urrunagotik laguntzen duena, eta biak dira beharrezkoak aitzinera egin nahi badugu.
Nork parte hartu dezake?
Sare ez mistoa dela hartuz abiapuntu, ateak irekiak daude hurbildu nahi duen guztiarentzat; eta hagitz ongi etorria izanen da interesa duen oro!
Hemendik aitzinera nolakoa izanen da zuen eguneroko funtzionamendua? Nola antolatuko zarete?
Larunbat goizetan biltzen gara, bi edo hiru astez behin Arranoko ganbaran, egitekoaren arabera eguna aldatzen ahal den arren. Bilerak hausnartzeko eta ideia berriak sortzeko erabiltzen ditugu.
Zein dinamika paratu nahi dituzue martxan?
Oraindik martxa hartzen ari gara, eta, beraz, ideia batzuk burutan ditugun arren oraindik ez ditugu denak mahai gainera ekarri. Gaur gaurkoz, martxoaren 8a ate joka dugunez, horri begira ari gara lanean.
Xulufrinak ez da eskualdeko talde feminista bakarra. Nolako harremana duzue gainerako emakume talde feministekin?
Oraindik hasi berriak gara, baina elkarlanean aritu nahiko genuke, bai. Momentuz, orain artekoak egiteko, inguruko zenbait talde feminista hartu ditugu kontutan, Berako Goldatz Talde Feminista eta Baztango Iñarrosi, errate baterako
Sarea sortu berri duzuela, zein da egun Lesakan berdintasunari dagokionez aurkitu duzuen egoera?
Egungo egoera aitzineko emakume taldea sortu zenean zegoena baino hobea da, baina oraindik hobetzeko bidean gaude, eta egiteko aunitz dago, noski. Premiazkoena emakumeon arteko sare indartsu bat sortzea da, ahizpatasuna izanen duena oinarri.
«Hagitz ongi etorria da parte hartu nahi duen oro»
Garazi Migeltorena eta Iratxe Muxika Xulufrinako kideak
Nolako presentzia izango du Xulufrinak Sare Feministak martxoaren 8an?
Oraindik eguna prestatzen ari gara, baina, aipatu bezala, eskualdeko eragile feministekin elkarlanean ariko gara antolaketa lanean. Egunean bertan zein aitzineko egunetan hainbat ekintza gauzatuko ditugu: mendi buelta, manifestazioa...
Zergatik da garrantzitsua martxoak 8a bezalako egunak aldarrikatzea?
Emakume bezala pairatu ditugun zapalkuntza guztiak aldarrikatzeko egun bereziak dira, eta guztion artean ekintza ikusgarriak egiteko baliatzen ditugu. Borroka urte osokoa bada ere, urteroko egun seinalatu hauek ospatzeak indartu egiten gaitu, bai sare eta bai talde modura.