Manifestazioa ez zen Beran egindako eguneko ekitaldi bakarra izan. Goizeko mendi martxaz gain, eguerdian, bazkaria eta ondotik lelo lehiaketa eta ekintza artistikoa egin zituzten. 18:00etan abiatu zen manifestazioa Merkatu Plazatik, eta joaldunek ireki zuten bidea. Hitzordua borobiltzeko bukaeran kontzertua izan zuten.
Ines Matxiarena Berako Goldatz talde feministakoak «orokorrean, hagitz balorazio positiboa» egin du. Gaineratu duenez, «Beran konkretuki gogotsu dagoen jende gazte aunitzek parte hartu du ekitaldietan: ortziralean pankartak egiten aritu ziren, larunbatean neska gazteek beren gain hartu zuten pankartak paratzeko edota tailerrak eta bertso saioa antolatzeko ardura».