Mikel Tabernak bere poema liburu berria aurkeztuko du ortzegunean, Joseba Irazokiren musikaz eta Oier Fuentesen irudiez lagunduta. Berako Kultur Batzordeak antolatu du errezitaldia, 19:00etan Kultur etxean.
Sinopsia
Mikel Tabernaren poema liburu berria Arkanbele kantak du izena, zeinak erretolika erran nahi baitu. Nork berea du, arkanbele kanta. Eta erraz antzemanen dio irakurleak poemetan Tabernaren eskuari. Izan ere, geografia fisiko eta bital baten barnako bidaian sartuko gaitu liburuak, Bidasoaldera bezala Iruñeko atzerrira eramanen gaituena, haurtzarora eta 36ko gerrara, solastatzeko eta isiltzeko modu batera, gaztaroko lagunartera eta aurreneko sexu-jolasetara, gure baitako izaera gordera, bizitza gozatzeko modu batera… Desagertzeko arriskuan omen dago arkanbelea, baina zaila da sinestea, bizitza nola zukutzen duen ikusita, haren kantak adituta.