Nafarroako Antzoki Sareak Sendaberri, Paisaia eszeniko berriak aurkeztu du, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuarekin lankidetzan diseinatutako erakundearen programa propioa. Nafarroako Antzoki Sarearen Zirkuituaren oinordekoa izanik, bere bosgarren urtemugara iritsi da, zikloaren izena eta irudia aldatzen hasi den inplementazio-aldi baten ondoren. Horrekin batera, programazio osoa kontsultatzeko webgune bat dago (www.sendaberri.com). Eskualdeari dagokionez, Berako eta Lesakako kultur etxeetara ailegatuko da eta bakoitzean bi emanaldi izanen dituzte.
Sendaberri hitz joko bat da, gaztelania eta euskara nahastuz bide berriak esan nahi duena. Horixe da, hain zuzen ere, zikloaren helburu nagusia: RTN-NASeko espazio eszenikoen ohiko programazioa aberastea eta osatzea, kontzientzia kritikoa sortzen duten ikuskizunen bidez. Ikuskizun horien programazioa, masa-publiko bati zuzenduta ez dagoenez, zailagoa izaten da. Edizio honetan, kalitate kontrastatuko antzerki, dantza eta zirkuko proposamen eszenikoak programatu dira, gizarte-gaien, genero-ikuspegiaren eta lengoaia eszeniko berriak erabiltzen dituzten gaien inguruan sakontzeko.
Nafarroako Antzoki Sarearen proiektu honek 100.000 euroko ekarpena jasoko du Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuaren eskutik, eta aurtengo edizioan parte hartzen duten eszenatokiek 96.000 euroko ekarpena eginen dute. 196.000 euro guztira, konpainien katxea ordaintzeko oso-osorik.
2022ko programazioa
Guztira hamabi konpainiaren 55 emanaldi dira, Nafarroako 29 herritan aurkeztuko direnak; udaberrian 32 emanaldi, eta 23 emanaldi udazkenean.
Eskualdeari dagokionez, lau emanaldi izanen dira, bi Berako kultur etxean eta bi Lesakako Harriondoa kultur etxean.
Martxoaren 27an, martxoko azken igandean 19:00etan, Lesakako Harriondoa kultur etxean, Andrea Irurzun buru duen Dan-Zai konpainiaren Re-Des obra ikusgai izanen da. Sare sozialek gaur egungo gizartean duten eraginean sakontzen du emanaldiak.
Apirilaren 30ean, apirileko azken larunbatean 19:00etan, La Dramática Errante konpainiaren Altsasu antzezlana ikusgai izanen da Berako Kultur Etxean.
Udazkenera begira, urriaren 29an, 19:00etan, Inextremis Teatro eta Tanttaka Teatroa taldeen El rey tuerto antzezlana emanen dute Berako kultur etxean eta Estefanía de Paz Asín taldearen La reina del Arga antzezlana urriaren 30ean Lesakako Harriondoa kultur etxean.