Lesakako Udalak adierazi duenez, «inoiz baino gogotsuago hartu ditugu 2022ko inauteriak, denok genuen beharra eta gogoa herrian horrelako besta bat normalitatez ospatzeko, baina besta egiteak eta ongi pasatzeak ez du dena justifikatzen». Zenbait herritarren jokaerak «azpiegituretan hainbat kalte eragin ditu igande eta astelehen arratsean».
Duela urtebete berritu zen komuna «guztiz puskatua» agertu dela salatu dute, semaforoak hautsi dituzte, «honek istripu arriskuak sortu zituelarik», eta hesiak eta Aspaceko kale-garbigailua «kaltetuta» agertu dira. Udal taldeak jakinarazi duenez, «hau ez da guk nahi dugun besta eredua, herriak eta herritarrek errespetua merezi dute».