Euskal Herriko Txistu Eguna ospatuko dute larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko martxoaren 3a

Bi urtez gibelatu ondotik, larunbatean, martxoaren 5ean ospatuko dute Euskal Herriko Txistu Eguna. Txistua aitzaki, egun osorako egitaraua antolatu du Euskal Herriko Txistulari Elkarteak, eta dozenaka txistulari elkartuko dira Beran.

09:15ean goiz deia eginen dute Altzateko plazatik abiatuta. Ondotik, 10:00etan Euskal Herriko Txistu Elkartearen batzarra eginen dute. Batzarra bukatuta, txistuak hartuta Josu Goia zenaren etxera joanen dira, eta Ai, hori begi ederra abestia interpretatuko dute 12:30ean bere etxeko atarian.

13:00etan kontzertua eskainiko dute Herriko Etxeko plazan Gure Txokoa Dantza Taldeko kideeekin batera eta ondotik, 14:30ean bazkaria izanen dute Zubiondo jatetxean.

Martxoaren 5ekoa ez da txistulariek Beran eskainiko duten emanaldi bakarra izanen. Martxoaren 9an, asteazkena, 17:00etan Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak emanaldia eskainiko du Kultur Etxean musika eskolako txistularien, eta Gure Txokoa Dantza Taldeko dantzarien laguntzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun