M8 Emakumearen Nazioarteko Eguna 2022

Bortziririetako Emakumeen XII. Mendi Itzulia eta Baztan-Bidasoa aldeko manifestazioa igandean eginen dituzte Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 2a, 09:00
2020an Donezteben egin zen manifestazioko irudia. Aurten Berak hartuko du lekukoa.

Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak antolatuta, Bortzirietako Emakumeen XII. Mendi Itzulia eginen dute igande honetan, martxoaren 6an Beran.  Egun berean eginen dute Beran Xaretako, Baztango, Malerrekako, Bertizaranako eta Bortzirietako mugimendu feministaren martxoaren 8aren bueltako ekitaldi nagusia Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra lelopean. 

Mendi itzulia egiteko 09:00etarako paratu dute hitzordua Berako Errekalde ostatu pareko aparkalekuan. Denera hiru orduko itzuli lasaia egitea aurreikusi dute.

Goizeko mendi martxaren ondotik 14:30ean bazkari autogestionatua eginen dute Merkatu Plazan, eta bazkariaren ondorengorako lelo lehiaketa eta ekintza artistikoak antolatu dituzte. 18:00etan eskualde mailako manifestazioa eginen dute Merkatu Plazatik aterata, eta eguna bukatzeko kontzertua izanen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun