200 lagunetik gora Inudeen eta Artzainen desfilean Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 28a, 09:00

Iazko hutsunearen ondotik gogoz hartu dituzte aurtengo inauteriak beratarrek. Horren seinale, atzo, Beran ospatutako Inudeak eta Artzaiak. 200 lagunetik gora atera ziren: 82 bikote atera ziren dantzan, 20 musikaritik gora, eta bertze hainbertze konpartsakide. Giro ederrean ibili ziren inauteri giroa karrikaz karrika zabaltzen.

10:00etan egina zuten hitzordua Eztegara frontoian, eta bertatik abituta herriko hainbat auzotan izan ziren dantzan. Eguerdirako Eztegara karrikara ailegatu ziren, eta bertan jendetza zuten zain beraien dantza eta kantuak ikusteko. Giro ederrean ibili ziren Eztegara eta Altzate karriketan, eta eguerdian denek batera bazkaldu ondotik, arratsaldean berriz ere atera ziren Eztegaratik Altzateraino. 

Zingar arrautze eskea gaur

Atzokoaren ondoti gaur izanen dute segida inauteriek. Goizean zehar baserriz baserri zingar arrautze eskea izanen da, eta eguerdirako karrozek hartuko dutu herrigunea. 18:00etan dantzaldia izanen da Toki Ona Institutuko estalpean Trikidantz taldearekin. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun