Joan den urtean bezala, Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketako zazpi txapeletatik sei lortu ditu aurten ere Lesakako Beti Gazte taldeak. Azken biak otsaileko hondarreko larunbatean lortu dituzte Laukizen (Bizkaia), emakumeen 500 kilokoa eta gizasemeen 560 kilokoa. Honela, bitxia bada ere, gizasemeen lau kategorietan (680, 640, 600 eta 560 kilo) eta emakumeen bietan (540 eta 500) txapeldun izan badira ere, txapelketa mistoan (580 kilo) bigarren izan ziren Ibarran otsailaren 19an, etxeko taldearen ondotik.
Larunbatean Laukizen tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gazteko emakumeen taldeak 500 kiloko kategorian. Amaia Leiza, Udane Arbelaitz (Oiartzun), Ainhoa Etxegarai (Bera), Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Maialen Lopez, Arritxu Muxika eta Maria Iantzi (Igantzi) aritu ziren tiran, Karmelo Mitxelena entrenatzaile eta Ainhoa Ubiria laguntzaile zutela.
Lesakarren gibeletik, Ibarra eta Gaztedi igo ziren podiora, laugarren izan zen Amaiur eta bosgarren Abadiño.
Beti Gazteko gizonezkoen 560 kiloko taldeak ere tiraldi guztiak irabazi zituen Laukizen. Zortzikote txapeldunean Karmelo Mitxelena, Oskar Telletxea, Unai Gurrutxaga, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Iñigo Altzugarai, Eneko Saldias eta Paskual Taberna aritu ziren tiran, Julen Palenzuela laguntzaile zutela.
Lesakarren gibeletik, gizonezkoen pisurik arinenean Gaztediko bizkaitarrak eta Ñapurrak lapurtarrak igo ziren podiora, Goiherri laugarren izan zen, Txantrea bosgarren, Abadiño seigarren eta Berriozar zazpigarren.