Begoña San Julian gogoan atera dira zakozaharrak Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 28a, 07:07

Urtebeteko geldialdiaren ondotik inauteriak ospatzeko gogoz zeuden Lesakan eta inauterietako igandean zakozaharrak izan ziren protagonista. Arratsaldean ttikiak atera ziren trikitilariekin batera eta arratsean zakozahar handiak musika bandarekin, 70 bat. Berrogei urtez zakuak betetzen eta josten laguntzaile izan den Begoña San Julian gogoan izan zuten zakozaharrek atera baino lehen, minutuko isilunea gordez. Ondotik, Lesakako Inauteriak pieza jotzen hasi zen musika bada, Mikel Iriarteren zuzendaritzapean eta zakozaharrak saltoka eta pizontziak astintzen abiatu ziren, karrikaz karrikako ibilbidean. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Karrozak, mozorroak eta Fraindarrak gaur

Inauteriek gaur izanen dute segida Lesakan. Karrozak eta mozorroak ikusiko dira plaza inguruan. Halere, Lesakako udalak motordun ibilgailuak oraindik obretan dagoen plaza inguruan ez sartzeko eskaria egin du. Fraindarrak ere gaur aterako dira, baina ez baserri auzoetan, herriko karriketan baizik. Arratsaldean dantzaldia izanen da plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun