Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkarteak (AAORL), Udalaren laguntzarekin, 2022rako aurreikusita dituen kontzertuetako lehena antolatu du. Oraingo honetan, kontzertuaren formatua organo, soprano eta tronpetarena izanen da eta datorren martxoaren 5ean, larunbatean 18:00etan hasita izanen da Lesakako San Martin elizan.
Maria Martinek (sopranoa), Iñigo Oconek (tronpeta) eta Gerardo Rifonek (organoa) egitarau zabala aurkeztuko dute. Musika barrokotik hasita, Erromantizismotik pasatuz, musika unibertsal garaikidera eta euskal musikara (Guridi, X. Lete eta B. Lertxundi) eta errepertorio lirikoko obra aski ezagunak eskainiko dituzte.
Laburbilduz, kontzertua hainbat garai eta musika estilotan zehar egindako bidaia da. Musika sakratutik hasi eta euskal opera eta kanturantz abiatuko da. Helburua ahotsaren, organoaren eta tronpetaren aukerak erakustea da.
Kontzertua AAORL elkarteak Lesakako kultura, gizarte eta prestakuntza bizitzan organoa elementu aktiboa izan dadin egiten dituen ekintzen barrenean dago.
20.165 euroko dohaintzak iaz
AAORL pozik dago 2021eko MECNA kanpainan egindako ekarpen ekonomikoekin; «kanpaina horri esker 83 partikularren eta 3 enpresaren ekarpenak lortu ditugu, guztira 20.165 euroko dohaintzetan. Elkartetik lankidetza hori eskertu nahi dugu, hagitz lagungarria izanen baita egin nahi ditugun Roqués organoa kontserbatzeko eta balioesteko lanetarako». Zehazki, 2022rako duten helburuetako bat organoa zaharberritzeko lehen fasearekin hastea da.
2022an berriro lortu dute gizarte-intereseko aitorpena, eta berriro ere partikularrak eta enpresak animatu nahi dituzte MECNAren bidez dohaintza egin dezaten 2022ko abenduaren 31 baino lehen, dagozkien zerga-abantailak jaso ditzaten.