Kaldereroak eta ortzegun gizena ospatu gabe, aurtengo inauteriak igandean hasiko dira Beran Inudeen eta Artzainen desfilearekin. Aurten, gainera, inoiz baino parte hartzaile gehiago izanen dira desfilean: 82 bikote apuntatu dira dantzan ateratzeko, 25 musikari eta 16 konparsakide. Denera, beraz 205 pertsona bilduko dira igandean karrikak alaitzen. Otsailaren 20an bukatu zen izena emateko epea, eta atzo lehen entsegua egin ondotik, ortzirarelan, 19:30ean bigarren entsegua izanen dute Eztegara frontoian.
Igandean 10:00etan egina dute hitzordua Berako Eztegara frontoian. Handik, herriari itzulia emanen diote eguerdian Altzateko karrikan bukatu arte. Bazkaria izanen dute ondotik, eta arratsaldean, berriz ere aterako dira karrikara 18:00ak aldera.
Astelehenean izanen du segida bestak. Goizean zingar arrautzen eskea izanen da, eta eguerditik aitzinera mozorroak eta karrozak ibiliko dira karrikan. 18:00etan, Trikidantz taldearen emanaldia izanen da Toki Ona Institutuko estalpean.