Aurtengoan bai, inauterietako egitaraua normaltasunera hurbilduko da Etxalarren ere

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 22a, 13:00
Baiezkoa eman duten baserrietan ibiliko dira gazteak eskean astelehenean.

Ortzegun Gizenarekin hasi eta Astearte Inaute egunean bukatuko dira ospakizunak

Joan den urteko geldialdiaren ondotik, 2022ko inauteriak bere ohiko ekitaldietara gerturatuko dira Etxalarren.

Otsailaren 24an, Ortzegun gizenarekin hasiko dituzte inauteriak herritarrek. Eskolan ezarritako kontingentzia plana betez, pasa den urteko egituraketa errepikatuko dute Landagain eskolako ikasleek aurten ere. Eguneroko ordutegia mantenduz eginen dituzte jarduerak. Nahi duenak goizean Ortzegun gizen kantatuz eskean ibiltzeko aukera izanen du, eta ondotik 11:30ak aldean eskolaratu. 12:00ak aldean herrian bertsoak eta dantzak eginen dituzte zenbait txokotan: Gurutzean, BekoLandan, Maixternean eta plazan. Etxalar landa eremuan kokatutako herria izanik, aurten lehenengo sektorearekin lotutako mozorroak ikusiko dira.

Otsailaren 27an, igandea, Zaldun inaute eguna, kinto bestak ospatuko dituzte.

Otsailaren 28an, astelehena, inaute-inaute eguna, herriko gazteak, baiezkoa eman duten baserrietan ibiliko dira eskean.

Martxoaren 1ean,  asteartea, mozorro eta karrozen eguna izanen da. 12:00etan plazan elkartu eta herriari itzulia emanen zaio karroza eta mozorroekin. Herriko gazteen eskutik pintxoak banatuko dira. Eguerdian gazteek bazkaria izanen dute Herriko Ostatuan. Jubilatuen elkartekoek aurten ez dute bazkaririk izanen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun