Ortzegun Gizen egunean, ohiko arrautze arrautze eskea eginen dute haur eta gaztetxoek.
Ortziralean ez da ekitaldi handirik izaten normalean, baina aurten 16:00etatik 20:00etara haurrentzako ekitaldiak antolatu dituzte Plaza Zaharrean: mairu zapel, maskara eta apaintze tailerrak, alde batetik eta ginkana. Txokolate beroa ere izanen da.
Larunbatean, 19:00etatik 21:00etara Rock Kalean ibiliko da karrikaz karrika. Rock doinuak aditzeko aukera izanen da kalejira berezi honetan.
Igandean, 17:00etan zako-zahar ttikiak trikitilariekin ibiliko dira eta ilunabarrean zako-zahar eta mairuak herriko musika bandarekin. Hain zuzen, inauterietako igandean bandarekin jotzeko deia egin die nahi duten musikari guziei Lesakako musika bandak. Ateak zabalik dituztela azpimarratu dute eta musika eskolako ikasle batzuk ere parte hartzekotan dira. Horretarako aski da musika bandako norbaitekin harremanetan jartzea. Arratsaldean Plaza Zaharrean Trikidantz taldearekin musika izanen da. Goitarrak ere harat-honatean ibiliko dira, goizean baserriz baserri eta arratsaldean herrian.
Astelehenean mozorroak eta orgak ikusgai izanen dira plaza inguruan eta arratsaldean musika izanen da Plaza Zaharrean.
Aipatzekoa da fraindarrak taldekoak ez direla baserrietan ibiliko aurten. Astelehenean bakarrik herrian ibiliko direla erabaki dute.
Plaza inguruan karroza motorizaturik ez
Lesakako udalak jakinarazi duenez, Plaza Zaharra, Arretxea eta Beheko Plazako obrak direla eta, inauterietan ezin izanen dira karrika hauetan karroza motorizatuak ibili (kotxeak, erremolkeak, eta abar). Erdiguneko obrak bukatzeko gutti falta da eta horregatik hauek errespetatzea eskatu die udalak herritarrei eta bisitariei.