Xabier Erkizia artista lesakarrari buruzko zikloa egiten ari dira Madrilgo Zinematekan

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 19a, 10:00

Euskal Herrian zein bertatik kanpo entzutetsua da Xabier Erkizia soinu artistaren lana. Bakarkako zein taldekako hainbat proiektutan parte hartu du Erkiziak, batez ere soinu edizioan. Asteburuan bere hainbat lan ikusi eta aztertuko dituzte Madrilen. 

Iazko Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatu zuen Erkiziak bere lehen filma, O gemer, eta hori hartu dute abiapuntu asteburuko zikloa osatzeko. Atzo filma estreinatu zuten lehenengoz zineman, eta ondotik solasaldia izan zuten zuzendariarekin. Gaur eta bihar berriz emanen dute filma, eta horrekin batera pelikularekin batera sortutako Aboios eranskinak ere erakutsiko dituzte. Igandean bukatuko da zikloa Xabier Erkiziaren soinuak eta egunak emanaldiarekin. Bertan O gemer, Aboios, Ferreyra, un film concréte  y Memorias de un Lian Nain lanak emango dituzte, eta ondotik Erkiziarekin berarekin solasaldia izanen da. 

O gemer filma da Erkiziaren lehen lan luzea. Iazko Donostiako Zinemaldian estreanatu zuen Zinemaldiko Zinemira sailean, eta ondotik Bilboko Zinebi jailadian ere aurkeztu zuen. O gemer film esperimentala da, euskal idi-gurdien soinu bitxiaren bidaia geografiko eta historikoari buruzkoa. Filmean Euskal Herritik Brasilera egiten du salto Erkiziak, Euskal Herrian soinu hori 60ko urteetan isildu bazen ere, Brasilen presentzia duen soinua baita. Gurdiak aurrera egiten duenean sortzen duen soinu kirrinkari (baina afinatu) berezi horrek zalantzan jartzen ditu ikusten dugun munduak nolako soinuak egiten dituen jakiteko baliatzen ditugun zentzumenak eta esperientzia.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun