Udarako bukatuko dituzte Beran eraikitzen ari diren Babes Ofizialeko alokairuko etxebizitzak

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 18a, 16:00

Berako Kaxerna auzoan Babes Ofizialeko etxebizitza bloke bat eraikitzeko lanetan ari da Nasuvinsa Nafarroako Gobernuko enpresa publikoa. Alokairura bideratuko diren zortzi etxebizitza eraikiko dituzte denera 35 urtetik beherakoentzat eta desgaitasunen bat edo bertzelako gizarte premiaren bat duten herritarrentzat.

Esteban Agirre Berako Udaleko Hirigintza zinegotziak jakinarazi digunez martxa onean doaz lanak eta udarako bukatzea aurreikusten dute. Agirrek azaldu digunez, behin lanak bukatuta pare bat hilabete beharko dira azken tramiteak egiteko, eta abendutik aitzinera bi asteko epean Nasuvinsako alokairu poltsan izena emanda daudenek aukera izanen dute eskaera egiteko. Eskaera horiek aztertu ondotik eginen dituzte esleipenak. 

Alokairu eskaera egin ahal izateko ezinbertzekoa izanen da aitzinetik Nasuvinsako alokairu poltsan izena emanda egotea. Bi modu daude horretarako: Nasuvinsak dituen bulegoetako batera joatea aitzinetik hitzordua hartuta, edota Clave sistemaren bidez online egitea. Agirrek eskatzaileei tramiteak «denboraz» egiteko eskatu die, datu guztiak ongi daudela ziurtatzeko denbora izan dezaten. Gainera, nabarmendu du lanean ari direla herritarrek Clave sistemako kredentzialak Beran lortzeko aukera izan dezaten. Udalak tramite horiek nola egin azaltzeko dokumentua ere prestatu du herritarrentzat.

Agirrek nabarmendu duenez alokairu poltsarako izen ematea «prozesu zabala» izatea nahi dute. «Izen ematearen bidez Berako etxebizitzen eskaria zein den ikusi nahi dugu, horrela etorkizuneko beharrak detektatzeko, eta datozen urteetan proiektu berriak sortu eta garatzeko,  bai etxebizitza berriak sortuz, eta baita dagoeneko dauden etxe hutsak berritu eta alokatuz».

Bi eta hiru logelatako etxeak

918 metro koadroko partzela hartzen dute etxebizitzek, zehazki, Kaxergagaina-Suspelttiki inguruan. Etxebizitzen azalera eraikin osoa 84 eta 102 metro koadro artekoa da, eta, horietako bortz hiru logelakoak eta bertze bi 2 logelakoak dira. Etxebizitza guztiek bi komun eta kanpoko balkoi/terraza dituzte, esekileku eta guzti,  eta egongelatik eta sukaldetik dute sarbidea bertara.

 

Eraikinak sotoa, behe solairua, bi solairu eta estalkia ditu, eta 8 trasteleku eta 10 garaje-plaza ere bai, horietako 8 sotoan eta gainerako 2 behe solairuan.

Eraikinari buruzko informazio gehiago lortzeko sakatu hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun