Lesakako haur eta nerabeen parte-hartze organoaren bigarren saioa otsailaren 17an eginen dute. Urtarrilaren 27an egindako lehen saioan 30 bat haur eta nerabe bildu ziren eta oraingoan bitan banatuko dituzte. Ortzegunean 16:30ean Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarren mailarako ikasleak bilduko dira eta 18:00etan DBHkoak. Bi taldeek udalaren erabilera anitzeko aretoan (Koskontako Bidea, 7 - 2. solairua) dute hitzordua.
Organoa dinamizatzen ari den Miren Etxepetelekuk aipatu digunez, «urtarrilaren 27ko bilerara 30 bat haur eta nerabe hurbildu ziren, zortzi eta hamabortz urte artekoak. Izugarrizko sorpresa hartu genuen. Proiektuaren nondik norakoa oroitarazi genuen denok elkarrekin, aitzinetik eskolan eta ikastolan izan ginen hori esplikatzen eta bazekiten. Aurkezpen jolas batzuk ere egin genituen, elkar ezagutu eta konfiantza hartzeko, ideiak botatzeko orduan lotsarik ez izateko».
Parte-hartzearen inguruko hausnarketa orokorrarekin hasi ziren. «Nola ulertzen duten beraiek parte hartzearen kontzeptua, nola definituko zuten, zergatik den garrantzitsua parte hartzea... Ideia hagitz interesgarriak bildu genituen», dio Etxepetelekuk.
Proiektuaren helburua haur eta nerabeen parte hartze aktiboa lortzea da, eta helburu hori lortzeko ari dira lanean. «Lehendabiziko aurrekari batzuk sortuz, kontzeptu orokorragoak landuz proposamen konkretuetara ailegatu arte. Sortzen ari garen organoek haur eta nerabeen ahotsari indarra emanen dio, euren iritziak kontutan hartuak izateko».