Bertako gaztainak berreskuratzeko proiektua abiatua du Arantzako Udalak, eta horren harira, hainbat saio egin dituzte 2020ko abenduan lehenbiziko informazio saioa egin zutenetik. Horri segida emanez, aste honetarako hitzordu bikoitza antolatu du udalak.
Alde batetik, ortziralean, otsailaren 18an, eskolako haurrekin batera zuhaitz landaketa eginen dute. Udalak bertako gaztaina barietateak identifikatu ditu eta horiek berreskuratzeko helburuarekin, gerora txertatuko dituzten patroien landaketak eginen dituzte eskolako ikasleek Argatsoron. Aurten patroiak landatuta, heldu den urtean bertako barietateetatik ateratako mentuak txertatuko dituzte.
Ekimen honen bidez, udalak bertako gaztaina barietateen berri ttikitatik eman nahi die gaztetxoei, «gaztainak bere onurak eta aterabideak dituela erakutsiz». Hitzordu horretan, udal langileek eta udal ordezkariek parte hartuko dute, eta gaian aditua den Efren Martin ere bertan izanen da. Orain arte Arantzan egin dituzten gaztainei buruzko ikastaroetan Martinek egin ditu gidari lanak.
Bertzetik, larunbatean, gaian interesa duten guztientzat ikastaroa eginen dute. Goizean saio praktikoa eginen dute eta arratsaldean teorikoa. Parte hartzeko Arantzako Herriko Etxera deitu behar da.