Inauterietako igandean bandarekin jotzeko musikariei deia egin die Lesakako musika bandak

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 15a, 10:00

Zakozarren kalejiran musika jotzen ibiltzeko ateak ireki ditu Lesakako musika bandak.

Zakozarren bilera eginen dute larunbatean eta Fraindarrak taldeak baserrietan ez dela ibiliko jakinarazi du

Inauteriak ospatuko dituzte aurten Lesakan. Joan den astean, inauteriak iragarriko dituen Izaro Iparragirre Irigoienen kartel irabazlea ezagutzera eman zuen udalak eta dagoeneko ikus daiteke kartela herriko karriketan. Horretaz gain, Lesakako musika bandak inauterietako igandean bandarekin jotzeko deia egin die nahi duten musikari guziei.

«Bi urte luze izan dira karriketan barrena musika zabalduz ibiltzeko aukera eskasekin, baina garaia iritsi da. Aurtengo inauteriak bereziak izanen dira eta, horregatik, aukera hau zuei zabaltzea pentsatu dugu» dio musika bandak oharren eta ateak zabalik dituztela azpimarratu dute eta musika eskolako ikasle batzuk ere parte hartzekotan dira. Horretarako aski da musika bandako norbaitekin harremanetan jartzea.

 

Zakozarren bilera larunbatean Arranon

Zakozarrez atera nahi dutenek otsailaren 19an, larunbatean 16:00etan izanen dute bilera Arranon. Bertan izena eman eta zakuak hartzeko aukera izanen dute. Zakozarrez ateratzeko guttieneko adina 16 urtekoa da. Antolatzaileak ez ditu bere gain hartuko gerta daitezkeen ezbeharrak. Ekitaldi hau Lesakako udalaren laguntzaz antolatzen du Arrano elkarteak.

 

Fraindarrak ez dira baserrietara joanen

Fraindarrak ere aterako dira inauterietan baina ez dituzte Frain, Otsango edo Izotzaldea auzoetan barna egiten duten ateraldirik eginen. Berriki egin duten bilera batean erabaki dute inauteri astelehenean herrian barna ibiliko direla, baina ez baserrietan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun