Arantzako eskolako ikasleek antzerkiak eginen dituzte ortzegunean

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 15a, 12:00
2008an Arantzako eskolan egindako antzerki bateko irudia.

Hiru antzezlan prestatu dituzte eta ortzegunean 15:30etik aitzinera herritarren aitzinean eginen dituzte.

Eguberrietako oporrak hartu aitzinetik, ohiko hitzordua izaten da Arantzako eskolako ikasleen antzerki saioa. Ikasturte honetan, ordea, ezin izan zuten betiko garaian egin. Baina prestaketei eutsi diete, eta hala, ortzegun honetan, otsailaren 17an, egin dute hitzordua.

Hiru antzezlan eginen dituzte: Haur Hezkuntzakoek Otsoak eta antxumeak eginen dute eta Lehen Hezkuntzako lehenbiziko eta bigarren mailako ikasleek Udaberria badator lana. Ez dute aitzindu zein izanen den kozkorrenen antzerkia, «sorpresa» izanen delako.

Antzerki emanaldia 15:30ean hasiko da, eskolako gimnasioan. Eskolak adierazi duenez, maskara janztea nahitaezkoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun