Ortzegun goizean Mozorro Zuriek egindako gosariarekin lehertu zen hiru eguneko besta Arantzan. 30 mozorro baino gehiago elkartu ziren eta ohiturari segituz, eskolako lagunekin bildu ziren gero. Beñat eta Andoni Mitxelena akordeoilarien doinuek lagunduta, plazan denak elkarrekin dantzan aritu ziren eta ondotik, Mozorro Zuriek baserrietarako bidea hartu zuten, eta eskolako ikasleak herri kiroletan aritu ziren. Eguna baserriz baserri pasatu ondotik, afaltzeko herrira bueltatu ziren Mozorro Zuriak.
Ortziralean, eskolako laugarren mailatik goitikoak baserriz baserri eta lehenbiziko mailatik hirugarren mailara bitartekoak herrian ibili ziren eskean. Mozorro Zuriak, berriz, herrian ibili ziren puxka-puxka. Arratsaldean bertso poteoa izan zen eta 21:00 aldera Mozorro Zuriek eta herritarrek ongietorri beroa egin zieten eguna baserriz baserri oinez pasatu zuten mozorro ttikiei. Aldi berean, dantzaldia izan zen Belfast taldearekin plazan.
Larunbatean, eskolako haur kozkorrenek Eguzkialdea auzoan segitu zuten eskean, eta Mozorro Zuriak bazkaltzeko elkartu ziren. Horrez gain, eguerdirako mozorrotutako herritarrez bete zen Goiko Karrika.
Arratsaldean, kalejira izan zen herrian barna, eta ondotik jendea frontoian bildu zen. Herri kirol saio ederra egin zuten Mozorro Zuriek frontoian eta Mozorro Beltzek bisita egin zuten bazterrak ederki harrotuz. Mozorro Zuriek zozketa ere egin zuten, eta sarituak Julen Oteiza eta Jaione Bergara izan ziren. Eguna borobiltzeko, dantzaldia izan zen 21:00etatik 01:00etara Mikel Salaberrirekin.