Hastapenak
Haurra zela, «solfeoa ikasteko saiakera egin nuen, baina segidan eman nuen amore» [irriz]. Hala ere, musikarekin segitu zuen, eta 12-13 urterekin hasi zen kuadrillako batzuekin talde batean baxua jotzen.
15-16 urterekin «musika serioago hartzen hasi nintzen», eta hortik aitzinera, «hainbat musika mota aditu ahala, hainbat proiektutan parte hartzen hasi nintzen; Kalera, Gabenara, Hurih, Modus, Géra… egunero zerbait berria ikasten nuen». Gainera, baxuko klaseak hartu zituen urte pare batez Ritxi Salaberriarekin (Sorotan Bele, Los del Gas, Orgasmic Toothpicks) Azkainen. «Bertze instrumenturen bat jotzen ikastea ere gustatuko litzaidake, baina. Beti izan dut bateria edo perkusioa jotzen ikasteko tentazioa».
«Taldean jotzeko erratean dudarik gabe eman nuen baiezkoa»
Denis LEIZA PEREIRA, musikaria
Taldea osatzeko gorabeherak
Donostiako Géra taldean jotzen du gaur egun Leizak. Andoainen ikasten ari zela, Markelek, taldeko gitarrista eta abeslariak, «ea berarekin talde batean jotzera animatuko nintzen galdetu zidan, eta nik dudarik gabe baiezkoa eman nion». Bertan ezagutu zituen Iñigo taldeko bateria-jotzailea eta Mikel, «garai hartan nirekin batera sartu zen gitarrista». Denbora gutira Pablo sartu zen taldean Mikelen partez, «eta lehenbizko kontzertua eman eta gero, Ferminek ordezkatu zuen Pablo». Gaur egun hauek osatzen dute taldea: Markel Alonso da gitarrista eta abeslaria, Iñigo Estonba bateria-jotzailea, Fermin Mendazonak gitarra jotzen du eta Denis Leizak baxua.
Hainbat musikari izan ditu Géra taldeak, «Manex eta Jon ere pasatu ziren taldetik ni proiektuan sartu baino lehen. Ez pentsa denbora aunitzik zeramatenik talde gisa, hilabete batzuk bakarrik. Momentu batez taldea madarikatua zegoela pentsatu genuen» [irriz].
Lehen diskoa
Taldeak bere lehen diskoa kaleratu du berriki, Géra izenekoa. «Hasieratik kanta propioetan murgildu gara. 2019ko udan lagun batzuen etxean eman genuen azkeneko kontzertua, diskoa hilabete batzuetara grabatzeko intentzioarekin. Azkenean, 2020ko irailean grabatu genuen Berako Mik estudioan Maikelekin. Hortik urte batera guti goiti-beheiti bukatu genituen nahasketak eta masterizazioa». Diskoaren diseinuarekin ere «bueltaka ibili ginen», eta azkenean DG2C Studioko Jone Laspiurrek eta Diego Garciak egin zuten diseinua; «diskoaren esentzia bete-betean asmatu zuten».
Taldearen musika «math rock edo post rock» generoetan sailkatu du, «baina gaur egun rock musika jotzen dugula erratea ozeano batean igeri egitea bezala da. Infinitoraino mugitzen zara zer topatuko duzun jakin gabe». Taldekide bakoitzak «bere gustu musikalak ditu», eta diskoan hainbat artisten eragina antzeman daiteke; «Pelax, Borrokan, King Gizzard, Queens of the Stone Age…».
«Ttikitatik gustatu izan zait zinemara joatea»
Denis LEIZA PEREIRA, musikaria
Zinemagintzan murgildua
Musika ez ezik, Leizak «ttikitatik» izan du gustuko pelikulak ikustea eta zinera joatea, «eta gaur egun gustu hori handitzen eta handitzen joan da». Andoainen ikasketak eginda hasi zen zinemaren munduan lan egiten; «hasieran ekoizpen lana egiten nuen baina nahiko agudo pasatu nintzen makinisten departamentura. Argiztapenean ere lanean ibili naiz».
Hainbat proiektu ezagunetan parte hartu du: «Soinujolearen semea, Akelarre, El internado: las cumbres, Baztango trilogia, La trinchera infinita-n aste pare bat platoan… Orain dela guti Paul Urkijoren Irati pelikula bukatu genuen eta momentu hauetan AEBko serie bat filmatzen ari gara Nafarroan eta inguruan».
Hala ere, musikaren eta zinemaren artean, «musika dut nahiago. Jaio nintzenetik gaur egunera arte nire bizitzan hagitz presente egon da. Zinema beranduago deskubritu nuen eta bertzelako gauzak ekartzen dizkit».
Hortaz, etorkizunera begira, «parte hartzen dudan musika taldeekin diskoak ateratzen eta kontzertuak ematen» segitzeko asmoa du Leizak, «eta ahal den heinean, bidaiatzen. Bukatzeko, «gazteek rock 'n' roll gehiago aditzea nahiko nuke».