Berako historia, ohitura eta irudien gordailua. Horixe da Rosa Mari eta Jose Antonio Totono Errandonea anai-arreben etxea. Berari buruzko gordailurik handiena da, gordailu bizia oraindik ere. Karrikan argazkiak egiteari utzi badiote ere, etxe barrenean duten artxiboa antolatzen segitzen baitute orain. Ezin zenbatuzkoa da etxean duten altxorra, Berako milaka argazki dituzte, baita herriari buruz prentsan ateratako lagin handi bat ere. Beren etxera sartzea Berako herriari buruzko museo batean sartzea da.
1977an hasi zen Totono prentsan Berari buruz argitaratutako albiste eta irudiak gorde eta sailkatzen, eta ondotik 80ko urteetan hasi zen Rosa anaiak bildutako informazio hori guztia osatzeko argazkiak egiten. «Totonok herrian antolatzen ziren gauzen egunkari edo aldizkari zatia ateratzen zuen, eta orduan pentsatu nuen nik ere bertara joan eta argazkia ateratzea, horrela informazioarekin batera argazkia ere izateko». Hala, urteetan, Berako ekitaldien argazkiak egiten aritu da, eta hainbat hedabideri eman dizkio, tartean Ttipi-Ttapari.
Bitan banatu dute egindako lana: argazkiak egiteaz Rosa arduratu da, eta prentsan ateratako Berako albisteak artxibatzeaz Totono. Azken urteotan Diario Vasco, Diario de Noticias eta Ttipi-Ttapa aldizkarian eta ERRAN.EUSen Berari buruz aterarako albisteak gorde ditu, baina egungoez gain, antzinakoak ere bildu ditu: Arriba España, La Voz de España, Egin, Pensamiento Navarra... egunkarietakoak kasu.
Aitarengandik datorkie argazkiak biltzeko eta gordetzeko sena. «Gure aitak denda bat zeukan, eta bertan saltzen zituen argazkilariek egindako kopiak. Saltzen ez zituenak botatzeak pena ematen zion, eta gorde egiten zituen. Totonok argazki horiek guztiak aurkitu zituen, eta ordenatzen hasi zen», kontatu du Rosak. Hasi baziren hasi, geroztik, etengabean aritu dira Berako argazki zaharrak biltzen eta txukun antolatzen.
Baserriak ezagutzeko grinatik hasi zen dena Rosak kontatu duenez: «Niri baserri guztietako argazkiak egiteko grina piztu zitzaidan. Eta 1995eko Lurraren Egunean, orduko alkatearekin solas egin eta herriko baserrien argazkiekin eta bertan bildutakoekin erakusketa bat egitea proposatu zidan». Eskatu eta egin. Lehenengo erakusketa horren ondotik, ohitura bihurtu zen Lurraren Egunaren bueltan bi anaia-arrebek egindako erakusketa, eta denera 4.394 argazki erakutsi zituzten 2018ra arte. Baserrietatik hasi, eta azkenerako herriko tradizio eta ohiturei buruzko erakusketa bihurtu zen urterokoa.
«Jendeak argazkirik eman izan ez balu hau dena ez litzateke posible izanen. Hori argi dugu, eskerrak beraiei eman behar dizkiegu»
Jose Antonio Totono ERRANDONEA
Erakusketaz harago, ordea, beren lana biltzen dute bi lan ere bildu dituzte: Bera, herri bat unez une eta Bera baserriz baserri. Bigarren lanarekin bereziki gustura daude biak: «Bertan bildu genituen Berako baserri guztien argazkiak, eta bertan bizitakoenak. Sekulako arrakasta izan zuen, jendeak hagitz gustuko izan zuen». Lan hori egiteko, herriko baserri guztietako sukaldean izan ziren, bai baserriaren argazkiak egiteko, baita baserri bakoitzean zituzten argazkiak biltzeko ere: «Jendeak argazkirik eman izan ez balu hau dena ez litzateke posible izanen. Hori argi dugu, eskerrak beraiei eman behar dizkiegu», kontatu du Totonok. «Gure lana beraiei esker da. Hagitz polita da, batez ere jendearekin sortzen den harremana. Ni Berako baserri guztietan egon naiz, eta hori niretzat ohorea da», nabarmendu du Rosak.
Baserrietako argazkiak, bai, baina ez hori bakarrik. Berari buruzko denetariko argazkiak bildu dituzte beraien bilduman. Argazkiek, gainera, gauza anitz erakusten dutela dio Rosak: «Argazkia beharbada ezkondutako bikote batena da, baina irudiak ez du hori bakarrik erakusten. Irudiak etxeak nolakoak ziren erakusten du, zein arropa erabiltzen zituzten, zein ibiltzen zen elkarrekin... Gauza anitzen erakusle da».
«Jendea etorri izan dira beren oinordekoak argazkiak eskatzera, eta aurkitu izan dituzte beraiek inoiz ikusi gabekoak. Guretzako sekulako poztasuna da»
Rosa Mari ERRANDONEA
Hainbertze argazkiko bilduma batean, txukun mantentzea, eta ongi artxibatzea garrantzitsua da, eta hori da hain zuzen orain egiten ari direna: lehenagotik ordenatuta zegoen artxiboa bigarrenez sailkatzea. «Argazki bakoitzaren ondoan paratzen dugu argazkia nork utzi digun, zein ageri den argazkian, non ateratakoa den, noiz... Hori dena egitea sekulako lana da». Horretarako batarengana eta bertzearengana jotzen dute, batez ere argazki zaharrenetan ageri direnak identifikatzea zaila delako. «Pasa den astean 90 urteko gizon bat etorri zen etxera, eta bi ordenagailurekin aritu ginen jendea identifikatzen», kontatu du Totonok.
Etxean duten artxibo hori, ordea, ez dute beraiena bakarrik izatea nahi, eta, gogoz hartzen dituzte beren antzinakoen argazkien bila joaten diren herritarrak. «Argazki zaharrekin gerta zitekeen bere garaian familia batzuetan ez zutela argazkiak erosteko nahiko ahalmen ekonomikorik. Eta etorri izan dira beren oinordekoak argazkiak eskatzera, eta aurkitu izan dituzte beraiek inoiz ikusi gabekoak», azaldu du Rosak. «Kopiak egin izan dizkiegu, eta guretzako sekulako poztasuna da».
Makina bat anekdota dituzte. «Bertze behin Berako neska bat etorri zen bere baserriko argazkiaren bila, eta halako batean negar batean hasi zen. Kontua da guk bagenuela bere gurasoen ezkontzako argazkia, baina, beraiek ez». Argi utzi dute, beren etxeko ateak zabalik daude argazkiak hartu nahi dituztenentzat, zein beren etxeko argazkiak eman nahi dituztenentzat: «Guk erraten dugu erretiratu garela, baina erretiro hori urtarrilaren 1etik aitzinerako da, ez lehenagokoa. Edozeinek argazki zaharren bat badu eta utzi nahi badigu pozez zoratzen jasoko dugu!».
«Erretiroa urtarrilaren 1etik aitzinerako da. Edozeinek argazki zaharren bat badu eta utzi nahi badigu pozez zoratzen jasoko dugu!»
Rosa Mari eta Totono ERRANDONEA
Erretiroa aipatu dute, izan ere berriki hartu dute kanpoko lanetatik jubilatzeko erabakia, eta iazko abenduaren 31n Berako Udalak omenaldi xume batekin eskertu zien urte anitzez herriaren alde egindako lana. «Atea ireki, eta alkatea eta bi zinegotzi ikusi nituen lore sorta eta plakarekin, eta ez nuen erreakzionatzeko denborarik ere izan», kontatu du Rosak. Sorpresaz hartu zuten eskertza: «Ez genuen inondik inora ere espero udalak horrelako errekonozimendurik eginen zigunik». Esker oneko hitzak dituzte, baina, argi dute ez direla herriaren alde lan egin duten bakarrak: «Guri beti eskertu izan digute herriaren alde egin dugun lana, baina, uste dugu Beran badagoela jende anitz herriaren aldeko lanean aritu dena, eta beraien lana ez dela hainbertze aitortu».
Karrikako lanetik erretiroa ofizialki hartu duten honetan, lanean segitzen dute: «Etxean baina lanean ari gara. Gauzak gorde egin behar dira, izenak apuntatu, jendearekin egon identifikazio lanak egiteko...». Eta badituzte buruan bertzelako proiektuak ere. Totonok Berako besten bueltan ateratzen den Berako Oihua aldizkarirako herriko bitxikeriei buruz idatzi zuen 42 urtez, eta orain artikulu horiek denak liburuxka batean biltzeko as- motan daude.
Urteetan Berako ondarea pilatu dute, eta argi diote bildutako guztia herriarentzako izan behar dela. Beraien lan guztia eskuragarri izatea nahiko lukete, ordea, eta orain artean bezala edonork erabiltzeko aukera izatea. Horregatik, dena udalari uzteko asmoa dute.