Xulufrinak Lesakako sare feminista sortu dute

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 7a, 09:00

Xulufrinak Lesakako Sare Feministaren aurkezpena egin zuten joan den ortziralean Arrano elkartean.

Xulufrinak Lesakako sare feminista aurkeztu zuten otsailaren 4an, ortzirale arratsaldean, Lesakako Arrano elkarteko ganbaran egindako aurkezpenean. Adin guzietako 25 bat emakume bildu ziren, eta bakoitzari ahal eta nahi duen moduan parte hartzeko gonbidapena egin zieten.

Sare gisakoa izanen da Xulufrinen antolaketa: talde motore batek gidatu eta koordinatuko du mugimendua; gaikako lantaldeak sortzea dute asmoa (indarkeria matxista, kirola, kultura… gogoen eta beharren araberako taldeak); eta guzia lotuko duen sare zabalago bat eginen dute, azkenik. Borroka feministarekin lotutako egun puntualetarako bilera zabalak ere deituko dituzte.

Xulufrinen logoan agertzen den hirukiak feminismoa eta Lesakako plazaren forma irudikatzen ditu, kolore moreak feminismoa, eta loreek xulufrinak. Taldearen helburua honakoa izanen da: Lesakako emakume* guziak libre, zoriontsu eta ahaldun izateko sare feminista sortzea, zaintza eta ahizpatasuna ardatz izanen  dituena. Horretarako, bertzeak bertze, saretu eta antolatu, eremuak eta espazioak okupatu, kontzientziazioa eta formakuntza sustatu eta gizartea eraldatzea izanen dute xede. Modu batera edo bertzera parte hartzeko prest dauden emakumeei* beraiekin harremanetan jartzeko gonbita egin nahi diete.

 

Xulufrinak

Lesakan eta inguruetan agertzen diren lore ttikiak dira xulufrinak. Harri tartetik eta nekez ateratzen direnak, mehatxatuak daudenak, baina taldean loratzen direnak, more kolorez, eta indartsu. «Izen hori eman diogu Lesakan sortu berri dugun sare feministari ere: Xulufrinak. Matxismoaren erasoetatik iraunez, mehatxuen gainetik tinko, taldean sortu eta loratu nahi dugulako. Hemendik zabaltzen eta hangotik ikasten, Euskal Herriko mugimendu feministarekin bat eginez, lore ezberdinez egindako mosaikoa landatzeko», diote taldetik.

 

Sare sozialetan ere ireki ditu kontuak Xulufrinak taldeak

Instagram @xulufrinak

Facebook @LesEmTaldea

Twitter @xulufrinak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun