Laburbilduz, osasun langileen kolektiboak penagarritzat jo du berritzeko eta handitzeko proiektua. «Anbiziorik gabekoa da –diote– eta, berez, metro karratu berberak izanen ditu. Beraz, leku batean zabaltzen dena beste leku batetik kentzen ariko da, eta ziur aski han ere beharko da. Ez dakigu gehiago, ez baitute informazio gehiago ematen. Ezta obra hasi eta amaitu bitarteko 18 hilabete horiei buruz ere. Ebakuntza-gelak itxiko dituzte, larrialdietakoa barne. Programatutako kirurgiak Onkologikora eramanen dira. Han ere, kirurgia batzuk ahalik eta hobekien egitea eragotziko duten zerbitzuak eta baliabideak falta dituzte. Larrialdietako ebakuntza-gelaren kasuan, oraindik ez dakigu nora eraman beharko dituzten pazienteak. Ebakuntza-gela hori ez edukitzea oso arriskutsua da» azpimarratu dute.
100.000 biztanle baino gehiago Irun, Hondarribia eta Bortzirietako herrien artean
Hori guztia Jose Antonio Santano Irungo alkatearen mahai gainean jarri dute osasun langileek, eta Bortzirietako udaletara ere etorri dira egoeraren berri ematera. «100.000 biztanle baino gehiago gara», gogorarazi zuen atzo Jose Antonio Santano Irungo alkateak, eta ez zuen inolako eragozpenik izan Osakidetzari eskatzeko «obraren esleipena geldiarazteko eta plataformak Bortzirietako profesionalekin eta udalerriekin elkarrizketa-mahaia irekitzeko».
Horretan adostasuna dago Bortzirietako eta Irungo alkateen artean. Santanok Osakidetzaren informazio eskasa deitoratzen bazuen, zer erranik ez Bortzirietako alkateena. «Inork ez digu deus erran –adierazi zuen Elexpuruk—. Ez Osakidetzak, ez Osasunbideak. Osasunbideko zuzendari nagusiari galdetu diogu eta ez daki deus». «Egoerak guztiok kezkatzen gaitu» gaineratu zuen Irigoien Etxalarko alkateak. Berako, Igantziko eta Etxalarko alkateak egon ziren atzoko elkarretaratzean. Arantzakoak eta Lesakakoak ezin izan zuten bertaratu. «Osasunari buruz ari gara, jende aunitzen osasunari buruz. Duen garrantzia eman behar zaio» azpimarratu zuten.