Abenduko eta urtarrileko euriteek gutxienez 228.821 euroko kaltea eragin dute Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 1a, 14:00

Berako plaza zaharreko zuloa behin-behinean tapatu dute.

Abenduko eta urtarrileko euriteek kalte nabarmenak egin zituzten Berako hainbat tokitan. Udala kalte horiek konpontzeko lanetan ari da, eta lan horiek zenbateko aurrekontua izanen duten aztertzen.

Abenduko euriteek 78.821,69 euroko kaltea eragin zuten. Urtarrilekoei dagokionez, oraingoz 150.000 euroko estimazioa egin du udalak, nahiz eta aurreikusi duten oraindik ere gehiago izan daitekeela. Denera, gutxienez, 228.821,69 eurokoa izanen da kaltea. 

Abenduko uholdeek bi motatako kalteak eragin zituzten. Batetik, herrigunea eta baserri auzoetako bideak lotzen dituzten errepideetan kalteak izan ziren: Taberna bordan, Apeztegiko borda eta Eltzaurpeko bordara doazen bideetan, Xantelerrekan Eltzaurdia auzoan, Lamixenen, Kaulen, Idoiako pistan, Gorostigainen eta Garaitarretan. Eltzaurpeko bordan eta Taberna bordan bidea erabat itxita gelditu zen, eta urgentziaz lan egin behar izan zen. Lan hauek denek 40.091,69 euroko kostua izan zuten. 

Mendiko pistei dagokienez ere hainbat kalte izan dira, erortzak, luiziak eta lur lerkuak gehienbat. Paraje hauetan izan dira: Sarrallan, Usategieta-Landagaitan, Juanteneko bordan, Meagian, Joanseneko bordan eta Labiagan. 38.730 euroko kostua izan du hauek denak konpontzeak. 

Urtarrileko euriteei dagokienez, Agerratik Bidasora doan ur eurien hodia kaltetu zen, eta Plaza Zaharrean zuloa egin zuen errekak. Behin-behinean tapatu dute zuloa, oraingoz. Lan hauek ordaintzeko 150.000 euroko estimazioa egin du udalak, nahiz eta aurreikusi duten zifra hori altuagoa izan daitekeela. 

Kalteen informazio guztia Nafarroako Gobernura bideratu du udalak horiek konpontzeko behar diren diru-laguntza eskariak tramitatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun