Nor dugu Asier Oses?
23 urteko beratar alaia.
Zein dira zure zaletasunak?
Bidaiatzea, kirola egitea, lagunekin gelditzea, familiarekin egotea eta musika entzutea.
Zer ikasketa egin dituzu?
Deustuko Unibertsitatean Turismoko Gradua egin nuen. Geroztik, beti saiatu naiz etengabe eduki berriak barneratzen; turismo-ikastaroak egin, ingelesa, alemana eta frantsesa hobetu, Madrilgo eta Berlingo turismo- azoketan ibili naiz…
Noiz hasi zinen Lesakako turismo bulegoan lanean?
2021eko apirilean hasi nintzen sei hilabeterako, turismo plan bat egiteko. Irailean bertze urte baterako lanpostua atera zuen udalak, deialdira aurkeztu nintzen eta kontratua lortu dut.
Zergatik Lesakan?
Gradua bukatzean argi nuen herri edo hiri baten turismoa kudeatzen lan egin nahi nuela, baina sektorea guztiz geldirik zegoen. Lan eskaintza ateratzean ez nuen zalantzarik izan.
Nolakoa da Lesakako turismoa?
Hazkunde fasean dago, turista kopurua handitzen doa urtero eta satisfazio-maila hagitz altua da. Hobetzeko proposamenen artean, produktu turistiko berriak eratzea, seinalizazioak eta sektore pribatu eta publikoaren arteko koordinazioa aipatuko nituzke.
Olentzeroren Jatorria izeneko ginkana sortu duzue. Nola?
Herriko turismoa dinamizatzeko ekintzak proposatzean, sektorean pil-pilean zeuden joerak aztertu genituen eta gamifikazioa horietako bat zen. Ginkana turistikoak prestatzen dituen enpresa batekin harremanetan jarri eta proiektuari ekin genion.
Zertan datza proiektua?
Lesaka ezagutzeko eta familia eta lagunekin egiteko bertze plan bat da, escape room baten antzekoa. Olentzeron oinarritutako enigmak gaindituz, hasierako arazoari irtenbidea eman behar zaio. Komentutik abiatzen da eta QR kodea eskaneatuta zuzenean jokoan sartzen da. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez egin daiteke urteko 365 egunetan.
Zein izan da herritarren erantzuna?
Harrera hagitz ona izan du, 150 lagun inguruk parte hartu dute dagoeneko eta haien iritziekin hobetzeko aukera dugu.
Zure asmoak epe motzera?
Turismo plana aitzinera eramatea eta turismoa dinamizatzea, betiere herritarren eta turisten arteko oreka bilatuz.
Eta epe luzera?
Sektorean esperientzia lortu eta enpresa propioa sortzea.