934.450 euroko aurrekontua izanen du aurten Etxalarko Udalak, iaz baino % 8,3 handiagoa

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 27a, 09:00

Etxalarko udal aurrekontuak %8,3ko igoera izanen du aurten.

Zugarramurdiko bidea zolaberritzen eta argiteria berritzen eginen ditu inbertsiorik handienak

2022ko aurrekontuen inguruan, 2021eko abenduaren 16an Etxalarko Udalak egindako ohiko bileran eman zitzaion hasierako onespena eta 934.450 euroko aurrekontua onartu dute. Joan den urteko aurrekontua 863.000 eurokoa izan zela kontuan hartuz, % 8,3ko igoera izanen da.

Horren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2022ko urtarrilaren 10ean, eta jendaurrean egonen da hamabortz egun baliodunean. 

Argiteria berritzea eta Zugarramurdiko bidea

Bi inbertsio nagusi aurreikusi dituzte. Alde batetik, herriko argiteria berritzeko 105.000 euro erabiliko dituzte eta bertzetik, abeltzaintza azpiegiturak hobetzeko lanen barrenean, Zugarramurdiko bidea zolaberritzeko 105.000 euro inbertituko dituzte. Lan hauetarako Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak espero ditu udalak.

Baina horietaz gain, bertze zenbait lan ere egin nahi dituzte aurten. Honela, Lakain-Oremeta auzora eta Olako baserrira bidea hobetzeko 50.000 euroko inbertsioa aurreikusia dago eta bertze horrenbertze oihanberritze lanetarako eta basoko mantentze lanetarako. Baserrietako pistetako erortzeak eta bertzelako ezustekoei aurre egiteko 17.000 euroko diru-saila ere gorde dute. Bertze aldetik, bestak antolatzeko 25.500 euroko aurrekontua izanen da, musikarako kiosko bat erosteko 20.000 euro. Gainera, Bortzirietako Euskara Mankomunitateari 27.000 euro ordainduko dizkio eta 11.000 euro bideratuko dituzte erabilera anitzeko langilearen ordezkapena egiteko.

Diru-sarrerak

Diru-sarrerei dagokienez, Nafarroako Gobernuak bizilagun kopuruaren arabera herriei ematen dien diru-sailetik 288.000 euro espero dituzte eta hiri-kontribuziotik 152.000 euro. Ibilgailuen zergatik ere 67.000 euro sartuko dira. Abeltzaintza azpiegituretarako dirulaguntzak ere izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun