Herriko zebra-bide garrantzitsuenetako oztopoak kendu dituzte, eta Eztegara pasealekuko espaloia hormigoi inprimatuarekin egin dute, errekaren aldean, —lehen zeuden lauza irregularrak baino irisgarriagoa da oraingo zola—. 2022an lan horiekin segitzea da asmoa, hobetu gabe gelditu diren zebra-bideen egokitzapena bukatzeko eta Eztegarako espaloia Kanttonberriranino hobetzeko.
Zebra-bideez aparte, egun hauetan oinezkoendako pasabide bat egiten ari da udala Altzateko plazan, Zia errekaren aldean. Toki horretan autoak aparkatzeko mugak ere paratzen ari dira oinezkoendako tokki nahikoa utziz.
Karrikak oinezkoentzako bihurtzea helburu
Planaren bertze helburuetako bat ibilgailuen joan-etorrietarako nahitaezkoak ez diren karriketan oinezkoei lehentasuna ematea da. Horretarako, iaz Legia karrikako lehen zatian—Altzate eta Kanttonberri artekoan— ibilgailuen pasabidea mugatu zuten, bidea bizilagunentzat eta zerbitzuetako ibilgailuentzat bakarrik utziz. Iparralde karrikan ere berriki mugatu dute trafikoa.
Hurrengo egunotan Uraldea karrika mugatuko dute autoendako. Kasu horretan, bizilagunak, garajeak eta zerbitzuak pasatzeaz gain, ibilgailuak Ugalzubia, Matzada, Suspela eta Kiroldegira sartu ahal izanen dira eskola-orduetan, Ricardo Baroja eskola pareko Julio Caro Baroja pasealekua eskola-ordu horretan ixteak eragiten duen arazoa kontuan hartuta, seinale bidez adieraziko da.
Legia karrikaren lehen zatian egin bezala, bigarren zatian ere, —Kanttonberri eta Foruen plaza artean—, ibilgailuen sarbidea mugatzea aztertzen ari da udala. Kasu horretan, inguruko osasun zentrora, ikastetxera eta dendetara sartzea baimenduko litzateke, bizilagunak eta garajeak dituzten herritarrak sartzeaz gain. Karrika horretako trafikoa ahalik eta gehien murriztea da helburua, oinezkoen eta txirrindularien mesedetan.
Sastrako errekaren gaineko zubia
Herrigunetik trafikoa desbideratzeko, Eztegara eta Matzada artean Sastrako errekaren gainean zubia egiteko proiektua du Berako Udalak. Jakitera eman dutenez, «epe laburrean» proiektua amaitzea aurreikusten dute, beti ere aurrekontuetan erabilgarri egonen den diruaren arabera.
Lotura horrekin trafikoa Matzada eta Suspela auzoetara bideratuko litzateke, Julio Caro Baroja eta Altzate eta Illekueta karriketatik aterata. Hala, karrika horretako trafikoa erregularizatu ahal izanen da oinezkoentzako ingurune seguru bat sortzeko.
Ibilgailuen joan-etorrietarako nahitaezkoak ez diren karriketatik ahalik eta auto gehien ateratzea da lan horien helburua. Bidasoa, San Esteban, Eztegara, Altzate, Itzea eta Illekueta karriketako zeharbideen sisteman, eta Eztegaratik Matzadarako sarbide berrian zentratuko litzateke trafikoa, gainerako karriketara sarbidea mugatuz. Hemen ere oinezkoen eta txirrindularien zirkulazioari emanen zaio lehentasuna.