Beran Garaitarreta eta Itzeko errekak garbitzen aritu da Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 22a, 12:00

Garaitarreta eta Itzeko erreketan neurri handiko zuhaitz ipurdiak, enborrak eta adarrak zeuden pilatuak eta, azkenotan, presa ttikiak eta adar-pilaketak zeuden han-hemenka, errekako urari bidea trabatzen ziotenak. Nazetako presa inguruan ere aritu ziren eroritako arbolak kentzen. Abendu hondarrean egin dituzte garbiketa lanak, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren finantzamenduarekin.

Garbitze lanetan 19.500 euroko inbertsioa egin dute eta, bi zati horietan, adar eroriak eta sastrakak kendu, erortzeko arriskua zuten arbolak bota eta uraren bidean denborarekin eginak ziren tapoiak garbitu dituzte. Gisa horretara, ibilguak hustu eta sekzio hidrauliko handiagoa lortu dute, betiere, uholde kasuetan gainezka egiteko arriskua murrizteko helburuarekin.

 

Nazetako presa inguruan ere kendu dituzte eroritako arbolak

Garbiketa lan hauek 9.600 euro gosta dira. Arbolak kimatu, sasiak garbitu, ibilguaren gainean eroritako zuhaitzak eta landare-hondakinak kendu eta zuhaitz lehorrak edo erortzeko arriskua zutenak moztu dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun