Berako Udaletik jakinarazi dutenez, momentu honetan arazo larriena Lorenzobaita etxeak du. Bertako bizilagunek kanpoan jarraitzen dute. Etxe hori eta lixutegiaren arteko kanala trabatua dago, eta erreka etxearen sototik sartu eta hau zeharkatu ondoren berriz lixutegira bueltatzen da. Hau da, bide berria egin du errekak.
Orain lehentasuna traba edo tapoi hori kentzea da, etxe horretatik ura atera eta erreka bere betiko bidera bueltatu dadin, erreka etxe barruan izateak, eraikina kaltetu dezakeelako. Udalak zabaldu duenez, Iraola-Arteta empresa ari da tapoia edo buxadura kentzen. Atzo egun osoan aritu ziren eta gaur ere horretan arituko dira. Errekaren ur emaria jaitsi da, eta eguraldiak ere laguntzen du lana egiteko.
Konponketa lanak abian
Udala perito eta ingeniari birekin ari da lanean. Aste honetan urgentziaz Nafarroako Gobernura bidaliko da hasierako txosten bat, etorkizunean diru-laguntzak tramitatzeko.
Orain arte egindako azterketek diote bere ibilbide gehienean kanala ongi dagoela, eta moldaketak egin ahal izanen direla orain duen ibilbidea aldatu gabe. «Noski, ingeniariak egin beharko du auzoan egin behar diren lanen azken txostena, zuloa eta inguruak nola moldatu, eta kanalean eginen diren interbentzioak eta baratzeetan dagoen zuloan egin beharreko lanak zehazteko. Kanala han hasten da eta ur konfederazioak jada zehaztu du toki horretan zein lan egin beharko liratekeen kanalera zikinkeriarik ez sartzeko. Halaber, mantentzea nola egin ere zehaztu du», nabarmendu dute udaletik.
Udalaren eskertza mezua
Ezbehar honen konponketan ari diren langile guztiak eskertu nahi ditu udalak, eta baita etxetik ateratzera behartuak izan ziren bizilagunak eta beraien etxeak eskaini zituzten guztiak ere. «Animo mezu bat eta besarkada handi bat, oraindik etxera bueltatzerik izan ez duen familiari. Eginahaletan ari gara laster bueltatzeko aukera izan dezaten».