'Azkena' ziklo-kros txapelketa jokatuko dute igandean Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 19a, 14:00

Bidasoa karrikaren inguruan, bi kilometro eta erdiko eremuan osatuko dute zirkuitua.

Urte anitz ziklo-kros txapelketarik gabe egon ondotik, modalitate horretako lasterketa izanen da Beran igandean. Iruña Kirolak taldeak antolatu du proba, Berako Udalaren eta Gure Txokoa Elkartearen laguntzarekin. 

Aurtengo ziklo-kros denboraldiko azken txapelketa izanen da igandean Beran jokatuko dena. 09:45ean hasiko dira txirrindulariak lehian, sei kategoriatan.  

Master kategoriakoak (30 urtetik goitikoak) izanen dira zirkuitua egiten lehenak, 09:45ean aterako dira. Ondotik, 10:45ean kadeteen txanda izanen da; 11:30ean hasiberriak lehiatuko dira, eta 11:45ean jubenilen eta kategoria absolutuko emakumeen txanda izanen da. Azkenik, 13:10ean aterako dira elite kategoriako eta 23 urtez beheitiko txirrindulariak.

Txapelketan parte hartzeko inskripzioak herrikrossa.eus  helbidean egin behar dira, larunbateko 15:00ak baino lehen. Dortsalak egunean bertan hartu beharko dira 08:30etatik aitzinera horretarako egokituko duten bulegoan. 

Ziklo-kros ikastaroa haurrentzako

Lasterketa bukatu ondotik, 14:30ean, haurrentzako ziklo-kros ikastaroa izanen da Joselo Estebanen eta Asier Valverderen eskutik.  Haurrak ikastaroan dauden bitartean, helduentzako  jan-edana izanen da. Ikastaroan izena emateko irunakirolak@gmail.com helbidera idatzi behar da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun